|
Iritzi artikulua: Edurne Larrañaga, EHBEko kidea. Nork dio Euskal Herriak ez duela Hezkuntza Sistema Nazionala egituratu eta antolatzeko eskubiderik?
1048.go Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala: pertsona guztiek hezkuntzarako eskubidea dute. Hezkuntzak doakoa izan behar du, oinarrizko hezkuntzan gutxienez. (26.1.artikulua). 1960ko Irakaskuntza Mailako Gutxiespenen Aurkako Hitzarmena, UNESCOren babespean burutu zena: gutxiengoek ikastetxe propioak sortzeko eta bertan irakaskuntza beraien hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute.(5.1.artikulua) 1989ko Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena: gutxiengo etniko, erlijioso edota linguistikoa dauden Estatuetan, gutxiengo horietako haurrei ez zaie ukatuko bere bizitza kulturala izateko, bere erlijioa praktikatzeko edota bere hizkuntzaz komunikatzeko duen eskubidea.(30.artikulua) 1961.ean Europako Kontseiluko Gutxiengoen Azpibatzordeak Europako Kontseiluaren Asanbladaren aurrean gutxiengoen gaia jorratzen zuen testua aurkeztu zuen. Hona hemen, testutik azpimarragarriena: gutxiengo nazional bati ezin zaio ukatu bere taldeko gainerako kideekin batera bere berezko bizitza kulturala izatea, bere hizkuntza erabiltzea, euren eskolak izatea eta hezkuntzan hautatutako hizkuntza erabiltzea, hots, ezin zio ukatu berez dagokion eskubidea. 1976ko Herrien Eskubideen Aitorpen Unibertsala: herri orok bere nortasun nazionala izateko eskubidea du (2.artikulua); herri orok bere hizkuntzan hitz egiteko eta bere kultura garatzeko eskubidea du (13.artikulua); herri orok bere ondasun artistikoa, historikoa eta kulturala errespetatua izan dadin eskubidea du (14.artikulua); herri orok eskubidea du atzerriko kultura inposatua ez izateko...
Urrutira joan gabe eta inoren zain egon gabe, euskal herritarrok Hezkuntza Sistema Nazionala izateko dugun eskubideaz jakitun izanik, herri bezala errekonozitu ditugu dagozkigun eskubide nazionalak. Gisa honetan, Udalbiltzak 2002.urtean lehen harria jarri eta honakoa aldarrikatu zuen Euskal Herritarren Eskubideen Kartaren baitan, Hezkuntza Eskubideei eskainitako atalean: Euskal Herriak, gainontzeko herri guztiak bezala, eskubide osoa du bere hezkuntza sistema antolatzeko, euskal gizartearen beharrei egoki erantzuteko. Gure herrian baldintzak egon badaude, behar dugun heziketa sistema adostu eta antolatzeko. Hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea dugu.
Handik urte batzuetara, Nazio Eztabaida Guneak egindako proposamenari jarraiki, aipatu baieztapen guztiak aintzat hartu eta Euskal Herriko hezkuntza esparrua euskal herritar gisa aztertzeari ekin genion. Gure herrian hezkuntza sistema adostu eta antolatzeko baldintzak, herri gogoa eta hezkuntza mugimenduaren borondatea egonik, hausnarketari eutsi genion.
Eztabaida mamitsuaren ondorioz, 2006ko urriaren 21ean eremu, sektore, herrialde zein hezkuntza esparru ezberdinetako 60 kide baino gehiagoren sustenguarekin Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa aurkeztu zen. Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala egituratu zein antolatzeko eskubidea baduela oinarri gisa hartu eta euskal herritar bezala dagozkigun hezkuntza eskubideak zerrendatu genituen. Bada, ordea, hezkuntza esparrua eraldatu eta gaur egun arteko eztabaida antzuei (inposaturiko ereduen araberako publiko vs. pribatu eztabaida) bide emateko bokazioaz adostu zen kontzeptu berria: “Euskal Herriko Hezkuntza Publikoa”ren kontzeptua. Kanpotik ezartzen dizkiguten ereduen araberako bereizketa (finantziazioaren ikuspegi hutsetik egiten den bereizkeria, hain zuzen ere) egiteari utzi, eta hezkuntza eskubideen araberako Hezkuntza sistema eraiki beharra azpimarratu genuen.
Akordioak bultzatzen duen “Euskal Herriko Hezkuntza Publikotasuna” kontzeptu berritu horretan, Hezkuntza Publikoa “publiko-herritar” ikuspegian kokatzen da, hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahian. Erantzunkizun kolektiboa azpimarratzen da eta Hezkuntza Publikoaren diseinua, antolaketa, planifikazioa, kudeaketa zein garapena botere publiko eta hezkuntza komunitateari dagozkie. Erabakiguneetan, euskal herritarron partaidetza ahalbidetzea ezinbestekotzat joz. Bide horretan, ukaezina da botere publikoen hezkuntza eskubideen bermerako jokatu beharreko betekizuna. Horren arabera, “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa” gauzatzeko, botere publikoei eta herritarrei (hezkuntza komunitateari) dagozkien eskumenak zehaztu eta banatu beharko lirateke. Finantziazioak eta kontrolak, berriz, publikoak izan beharko lukete. Beraz, hezkuntza publikoaren gestioak eraginkorra, gardena eta jarraipen soziala duena izan beharko luke. Heziguneen (edo ikastetxeen) titularitate eta kudeaketak, berriz, heziguneen eta botere publikoen arteko hitzarmenean oinarritu beharko lukete.
Nork ez luke bat egingo oraintxe azaldutako proposamenarekin? Bada, ez da une honetan edukitako asmakizuna, baizik eta Oinarrizko Hezkuntza Akordioak biltzen duen adostasunaren zatia (www.naziogunea.net web gunean eskuragarri). Akordio irekia, partehartzailea zein dinamikoa da eta hezkuntzaren gaineko ikuspegi berri honekin bat egiten duen edonork ateak irekita ditu bere ekarpena plazaratu edo bidelagun izateko.Oinarrizko Hezkuntza Akordioak barnebiltzen duen hezkuntzaren gaineko ikuspegi berria zabaldu behar da Euskal Herriko ikastetxe eta txoko guztietara eta bide horretan urrats berriak eman. Soilik horrela egingo baitugu aurrera Hezkuntza Sistema propioarantz.
Herri bezala burutu behar dugun ibilbide luze honetan, hezkuntzan ere herri bezala aurrera egiten ikasi behar dugu. Norberak izan ditzakeen interes propioak, nahiz eta zilegiak izan, alde batera utzi eta batzen gaituenari heldu behar diogu, hezkuntza eskubideak bermatuko dituen Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzari, alegia. Aurrera goaz Euskal Curriculuma edota Euskal Unibertsitatea bezalako egitasmoekin, baina une askotan arestian aipaturiko eztabaida antzuak berpizten dituzte (hezkuntza mugimenduaren zatiketa bultzatzen duten sektore espainol zein frantsesak izatea ez da kasualitatea) eta guk amua pikatzen dugu. Amuak goxoki itsura hartzen du eta guk, inuxenteak bezala ez gara konturatzen otsoek ari digutela eskaintzen goxokia. Estalkia kendu eta barnean pozoia!
Ez da ikastetxe eredu ezberdinen arteko eztabaida amaigabea areagotzeko unea, baizik eta batzen gaituenaren alde indarrak biltzeko unea. Hori bai, goxokia eman digutenei ere argi eta garbi utziko diegu eskainitako iruzurraz ohartu garela eta egindakoa salatuko dugula, hezkuntza eskubideak borrokatuko ditugula. Aldarrikatuz, borrokatuz eta eraikiz Hezkuntza Sistema Nazionaletik gertuago egongo gara.
|