|
Plazara
|
|
Ostirala, 2007(e)ko Urria(r)en 26-(e)an 21:44etan |
|
Iritzi Artikulua : Ibai Redondo eta Edurne Larrañaga. Euskal Herriak Bere Eskola-ko kideak.
Euskal Herrian sinisten dugunok eta bere biziraupena nahiz garapena ziurtatua izan dadin egunerokoan lan egiten dugunok helmuga argi daukagu: gure herriaren, Euskal Herri osoaren, aitortza eta dagozkigun eskubide guztien berreskurapena. Helmugara iristeko zeharkatu beharreko bideak, berriz, ezinbestean aldaketa eskatzen du, aldaketa politikoa. Bide hori guztion artean egin behar dugu eta gure indarrak Euskal Herrian benetako aldaketa politikoa eman dadin norabide berberean kokatu behar ditugu. Gaur egungoak, eskubide urraketan eta ukazioan oinarritzen den markoak, itotzen gaitu. Ezin gara euskaldun oso bezala bizi gure herrian, ez gara eskubide osoko herritarrak.
Hezkuntza mugimendua osatzen dugun irakasle, herritarrak, ikasleak eta langileak Hezkuntza Sistema Nazionala beharrezkoa dugu dagozkigun hezkuntza eskubideak bere osotasunean gara daitezen eta XXI.mendeak dituen hezkuntza premia berriei erantzun propioa eman diezaiogun. Baina nola egingo dugu hori gure eskoletan ikasten duten ikasleek curriculum propio baten bidez hezi ezin badaitezke? Nola egingo dugu eskolaren bidezko euskalduntzea eskubide izatetik, pribilegio bihurtu nahi badute? Nola egingo dugu egutegi propioa izan ezean, HSN izateko dugun eskubidea ukatzen diguten ekimen gorenak ospatzera behartuak baldin bagaude? Nola bermatuko dugu jendarte justu zein parekidea erdiesteko herritarrak hezten direla une hauetan pedagogia mailan eredu inposatuak ezartzen baldin badizkigute? Nola ziurtatuko dugu Euskal Herriaren goi mailako beharrak asetuko dituen unibertsitate eredua gaur egungoak estatuei eta europari soilik begiratzen badie?
Buruhausteak milaka izan ditzakegu, baina Hezkuntza Sistema Nazionalaren oinarrizko zutabeak guztion artean eraikitzen ari gara. Inori itxaroten egon gabe, dagozkigun eskubideak bermatuko dituzten egitasmoak egunez egun garatzen ari gara. Nazio Eztabaida sortu zenetik, lehentasunezko egitasmoen artean kokatu dira hezkuntza esparruko hainbat egitasmo: Euskal Curriculuma, Euskal Unibertsitatea, Eskolaren bidezko euskalduntzearen bermea eta Oinarrizko Hezkuntza Akordioa bera. Nazio Eztabaidaren pean buruturiko jarduera eta emaniko urrats guztiek integraltasuna eman diote egitasmo horiei guztiei, hezkuntza esparruko premia izatetik haratago, Euskal Herri osoaren lehentasunezko egitasmo izateraino.
Bide horretan kokatu behar ditugu azken urteetan eginiko urrats guztiak. Oinarrizko osagaiak mahai gainean ditugu, baina Hezkuntza Sistema Nazionala aitortua izan dadin, beharrezkoa da aldaketa politikoa Euskal Herrian. Beharrezkoa da aldaketa politikoa 7 lurraldeez osaturiko Hezkuntza Sistema Nazionala praktikan gauzatzeko. Aldaketa beharrezkoa da euskal herritarrok zer nolako Hezkuntza Sistema Nazionala behar dugun erabaki dezagun. Azken batean, dagozkigun hezkuntza eskubideak aitortuak eta gauzatuak izan daitezen halabeharrezkoa dugu aldaketa politikoa gure herrian. Euskal Herriak Bere Eskolaren uste zintzoan, Nazio Eztabaidak aldaketa hori gauzatu dadin eta euskal herritar guztion eskubideak lurralde guztian bermatuak izan daitezen, bide komuna ezarri behar du.
Nazio gisa aurrera egin, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki eta eskenatoki berri baterantz urratsak emateko nazio estrategia komuna eztabaidatu eta adostu behar dugu. Bide horretan, aurtengo Nazio Eztabaidak dimentsio berezia hartzen du, etorkizunari begirako erronkak zehaztearekin batera, euskal herritarron hitza aintzat hartuko duelako. Herritar guztion hitza kontutan hartua izan dadin eta bakoitzaren eremu naturaletik egin ditzaken ekarpenak bideratu daitezen, datorren urriaren 27an Herritarren Ekarpen Foroa antolatu da. Euskal Herriak Bere Eskolak, bereziki, hezkuntza komunitatea osatzen dugun herritar, ikasle, irakasle eta langile guztiak datorren larunbatean euren ekarpenak, iritziak eta proposamenak Iruñeako Golem zinemetan plazaratu ditzaten animatu nahi ditugu. Herritar guztiei irekia dagoen Foroa denez, hezkuntza esparruan gabiltzanok zeresan eta zeregin ugari dugu. Helmuga Euskal Herria izanik, larunbatean geltoki garrantzitsua dugu Iruñean. Larunbata arte!
|
|
|
Deialdiak
<< Uztaila 2010 >>
| As | As | As | Os | Os | La | Ig |
| | | | 1 | 2 | 3 | 4 |
| 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
| 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 |
| 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 |
| 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | |
|