Martxoaren 13ko manifestaldiaren deitzaile izan nahi duzu?
Edozein galderarako: hezkuntzadeialdia [a bildua] euskaleskola [puntu] org
|
Plazara
|
|
Osteguna, 2009(e)ko Otsaila(r)en 19-(e)an 13:08etan |
Legegintzaldiaren amaierara iritsi gara EAEn eta politikariak hurrengo 4 urtetan egingo dituzten milagroen truke botoak eskatzen ari dira. Burujabetza eta bikaintasunaz hitz egiten dute baita Hezkuntza Sailaren buru izan direnak ere. Baina nork agindu du azken 4 urteetan Hezkuntza Sailean? Eusko Alkartasunaren esku omen zegoen Saila politika orokorreko joan etorrien biktima izan da, abertzaletasunaren gainetik hezkuntza sistema espainiarra iraunaraztea bultzatzen dutenei men eginez eta herri mugimenduari bizkar emanez. Dena, bikaintasunaren izenean. Gu ez gaituzte engainatzen, zer egin eta zer ez dute egin?
Eskolak Euskaldundu. 107.768 herritarrek Euskal Herri osoko ikasleak euskalduntzeko eskaria Hezkuntzako arduradunen bulegoetara eraman genituen, baita Tontxu Camposengana ere. Ikasleen euskalduntzea ziurtatuko zuen lege berria aterako zutela hitza emana zuen. Non dago legea? Ez dago! 26 urtetan ehunka mila ikasle erdaldun elebakar izatera kondenatu eta gero, hurrengo urteotan berdin-berdin jarraituko dugu. Jaurlaritzaren porrot estrategikoa agerikoa da.
Euskal Curriculuma. Hezkuntza komunitatearen gehiengoa Euskal Curriculumerantz pausuak ematen aritu da azken urteotan. Azkenean, badugu Euskal Curriculuma, nahiz eta erronka berri baten aurrean gauden: aplikazioa. Eta zer egin du Eusko Jaurlaritzak? Beste curriculum bat atera, Espainiako legea zintzo betetzen duena, Euskal Curriculum izenarekin batailatu eta aplikatu. Zorionak, euskal ikasleak Konstituzio Espainolaren baloreetan hezteko Zapateroren Gobernuari jarri diozuen alfonbra gorriagatik. Hori bai burujabetzarantz pausuak ematea!
Unibertsitatea. Herri ekimenaren eskutik, Euskal Unibertsitatea (euskalduna, nazionala eta herritar-demokratikoa) eraikitzeko urratsak ezagutu ditugu azken urteotan. Baina, nola dago UPV? Orain 25 urtekoaren fotokopia dirudi: euskalduntze plan berriek zaharren helburu berdinak dituzte, bete ez direnaren seinale; parte hartze eta gogoetarako gune izan beharrean inposaketa eta kontrolerako gunea da UPV; publikotasunetik, multinazionalen menpeko unibertsitate izateko bidean Bolognaren aplikazioan pausu berriak eman dituzte, Jaurlaritzaren laguntza osoarekin.
Ederki aritu dira azken lau urteotan Hezkuntza Saileko arduradunak, hezkuntzatik Euskal Herria eraikitzeko egin behar ez dena zer den erakusten. EHBErentzat gai izarrak hauek izan badira ere, badira beste hainbat gai: Lanbide Heziketek erdaldunak izaten jarraitzen dute; Haur Eskola euskaldun eta hezitzaileak behar ditugu, herri proiektu baten mesedetan jardungo dutenak eta ez Jaurlaritzak bultzaturiko Haurreskola Partzuergoak, non herriaren ordez merkatuaren zerbitzura jarri duten gure haurren heziketa; migratzaileak noraezean aurkitzen dira gure herrira iristean eta Jaurlaritzak A ereduko ikastetxeetara bidaltzen ditu hauetako asko; heziketa hezkidetzailea jasotzeko urratsak urriak izan dira eta EAEko Gobernua da ikastetxe ez mixtoei dirulaguntzak ematen dieten bakarrenetakoa estatu espainiarrean.
Amaitzeko, publikotasun kontzeptuaren gainean berpiztu den eztabaidaz mintzo nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak “Euskal Hezkuntza Publikoa”ren alde egiten omen du apustu. Baina zeren araberako Hezkuntza Publikoa bultzatzen du EJk? Gure ustez, Hezkuntza Publikoa Euskal Herriaren araberako hezkuntza sistema izan behar du, non eskubide eta betebehar zehatzak betetzen dituzten ikastetxe guztiek lekua izango duten eta euren arteko aukera zein berdintasun printzipioa nagusituko den, autonomia oinarri izanda. Baina zeren arabera banatzen da diru publikoa? Euskalduntzen ez duten ikastetxe ugari dago EAEko Hezkuntza Sistema publikoaren barnean, legea betetzen ez duten ikastetxe ugarik jasotzen dute gure zergetatik eratortzen den dirua. Ez da zilegi!!! Gure ustez, Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala behar du, zeinak euskal herritar ororen hezkuntza eskubideak bermatuko dituen eta horren arabera, “Euskal Hezkuntza Sistema Zerbitzu Publikoa” eraikiko dugun. Bitarte horretan, administrazio eremu ezberdinetatik aurrera urratsak eman daitezke. EAEren kasuan, Hezkuntza Sistema arautuko duen hezkuntza lege berria behar da, zeina publikotasun eredu berri honen arabera antolatuko duen hezkuntza sistema.
Etengabe hezkuntzaren alde apustua egiten dutela esaten dute, arlo honetan egiten duten inbertsioa azpimarratuz. Hala ere, zenbakiei begiratuz gero, gezur honen borobiltasunaz konturatuko gara, Nazio Batuen Erakundeak aurrekontuen %6 hezkuntzan inbertitzea proposatzen badu ere Eusko Jaurlaritza ez da %4ra iristen. Datuak eskuetan, ziurtasunez esaten dugu, legegintzaldi bat gehiago galdu dutela EAEko Hezkuntza Saila gestionatu duten alderdiek Hezkuntza Sistema Nazionalerantz pausuak emateko.
Gaurkoan, egunerokoan herritarrei entzungor eginez hauteskunde kanpainan leihan dabiltzan alderdiei enplazamendu publikoa egin nahi diegu eta zuzenean galdetu, Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean zer egingo duten. Hau galdetzen dizuegu, nazkatuta gaudelako asmoez, gobernu-programez eta ondorio praktikorik gabeko politikez. Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala behar du.
|
|
|
Deialdiak
<< Martxoa 2010 >>
| As | As | As | Os | Os | La | Ig |
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 | | | | |
|