|
Galder Gonzalez eta Edurne Larrañaga – Euskal Herriak Bere Eskolako kideak Ezaguna da euskaldunok ez dugula geure Curriculum propio baten arabera ikasteko eskubiderik. Euskal Curriculuma sortzeko prozesuan milaka pertsonek parte hartu badute ere, oraindik orain, ezin da eskoletan aplikatu. Ezaguna da ere historikoki euskaldunok Curriculumaren inguruko kezka izan dugula, hau da, belaunaldi berriek hezkuntzaren bidez barneratzen dituzten ezagutza, jakintza eta baloreen gaineko kezka.. Urrunago joan gabe Euskal Herriko Ikastolen arabera XXI. mendeko hezkuntza erronka nagusia curriculumarena da, hizkuntzarenaren gainetik. Edukiak. Euskaldun egiten gaituena hizkuntza da, bai, baina ez da hori bakarrik.
Erronka honetaz aspaldi konturatu ziren estatuak. Modu ezkutuan edo inposaketaren bidea erabiliz, eduki arrotzak barneratzen saiatu dira, euren kosmobisioa inposatuz eta munduari begiratzeko ikuspuntuak txertatuz. Adibide tamalgarri ugarirekin topo egiten dugu. Ulerkaitza iruditu arren, Hendaiako herritar batek XX. mendea “I. Mundu gerra, Gerren arteko garaia eta II. Mundu gerratik aurrera” pasarte historikoen arabera banatzen duen bitartean, Irungo batek (handik metro batzuetara kokatzen den lurraldean) XXI.mendea “II. Errepublika arte, Gerra eta Frankismoa eta Trantsizio Demokratikotik aurrera” pasarteak hartzen ditu kontutan banaketa egiteko. Hau ulerkaitza da! Horrela ez dago herria egiterik! Zorionez badira egoerari aurre egiten diotenak eta eguneroko lanarekin ikastetxeetan ekarpen handiak egiten dituztenak.
Azken asteotan jakin izan dugu Nafarroako Gobernuak Euskal Herria terminoa duten liburuak eskoletatik at nahi dituela, hainbat ikastetxeei mehatxu zuzena eginez (testuliburu arrotzak erabili edo dirulaguntzak kendu). Gainera Liburu Beltzen Zerrenda bat osatu dute, hau da, inoiz, inola, inon, erabili ezin diren liburuak zerrendatzen dituena. Eta hori gutxi balitz, zeintzuk diren “testu-liburu onak” ere esaten digute. Noski, nahiago duten testu liburuen ekoizlea Santillana izatea (Euskal Herrian batzuetan Zubia izenarekin agertzen dena). “Liburu hauek bai eta beste horiek ez” esatea ikastetxeen autonomiaren eta ikastetxe bakoitzak garatu beharrekohezkuntza proiektuaren aurka egiteaz gain, euren izaera totalitarioa argi eta garbi uzten du. Nafarroako Gobernuan agintean direnek inkisizio eta faxismo garai ilunetako hainbat portaera bere egin dituztela esan liteke.
Eta Euskal Autonomia Erkidegora joanez gero antzeko egoeraren aurrean gaude. Bertan “Educación para la Paz” izeneko gaia txertatu nahi dute eskoletan, gatazka politikoa estaliz, alde bateko biktimak ikastetxeetara eramanez eta irakasgaia adoktrinamendurako erabiliz. Rubalcaba bera izan da aste honetan gaia ateratzen azkena: “Zerbait gaizki dago EAEko hezkuntzan gazte askok biolentzia legitimatzen badute”. Hezkuntza Saila urteetan zehar euren esku egon zela ahaztu zaie. Hau da, berak esaten duena egia izango balitz, eurena litzateke erantzunkizuna. Azken finean Celáak edo Rubalcabak esandakoak aitzakiak baino ez dira: hezkuntzan ere Espainia “bat, handia eta askea”rentzat besterik ez dago tokia eta ez dute onartzen artaldean euskaldun gisa hezi nahi duen artzainik. Laster etorriko dira Nafarroan bezala liburu baimendu eta ez baimenduekin; “vascos buenos” eta “vascos malos”en zerrendekin; ikastetxe zehatz batzuen aurka ekiten.
Joan zen ekainan Boliviako agintaria den Evo Moralesek Santillana argitaletxea herrialdetik kanporatzeko determinazioa erakutsi zuen. Bere esanetan Santillana argitaletxeak ez ditu Boliviaren beharrak asetzen, kapitalaren eskuetatik sortutako tresna bat da eta, horregatik, kapitalaren mesedetan dagoena. Hori gutxi ez balitz, Boliviako jatorrizko herriak gutxiesten ditu, kultura batzuk besteen gainetik jarriz, erreferentzia kulturalak hirietako bizitzara mugatuz eta argazkietan Boliviako errealitatea erakusten duten pertsonak estaliz. Boliviaren kasuan, gainera, testu liburuak Espainian ekoizteak eta, hortaz, bertako irakasleen esku ez egoteak, pisu handia izan du erabaki hau hartzerakoan.
Bien bitartean ikusten dugu nola Euskal Herrian Santillana bezalako argitaletxeei pisu handiagoa ematen zaien. Prisaren (Cuatro, El Pais, SER, Alfaguara) argitaletxe honek testu-liburuak negozio handi gisa ikusten ditu eta gure agintariek oraindik negozio handiagoak eskaintzen dizkiote. Era berean, gure ikastetxe askotan, baita D eredutakoetan ere, Santillana erabiltzen da batik-bat. Eta hemendik hilabetera Durangoko Azokan postu eder bat izango dute euren produktuak eskaini eta euskaldunok eros ditzagun.
Baina ez gaitezen tematu. Santillana adibide bat da eta Boliviakoa geure eguneroko lanean txertatu genezakeen adibide bat baino ez da.. Arazoa ez da testu-liburuak ez direla egiten Euskal Curriculumaren arabera, baizik eta testuliburuak beraiek direla espainiar eta frantziar curriculumak inposatzeko tresnarik eraginkorrena. Testu-libururik gabeko eskola batean inposaketa egitea askoz zailagoa da. Horregatik nahi dute Nafarroan Santillana erabiltzea; horregatik nahi dute irakasgai bat txertatzea EAEn; horregatik behartu zuen Munduko Bankuak Bolivia Santillanako liburuak erabiltzera.
Ikusten dugunez ez dira garaiak erasoen aurrean geldi egoteko, indarrak bildu eta Euskal Curriculuma, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko garaia da. Egunero, auzonalaren bitartez, mobilizazio eta eraikuntzaren bitartez, geure edukiak era libre eta kritikoan garatu beharko ditugu. Boliviatik ikasteko garaia da: kanpora ditzagun gure ikastetxeetatik arrotzak zaizkigun edukiak (baita eduki horiek jasotzen dituzten testuliburuak ere) eta gurea eraikitzen jarrai dezagun, Euskal Curriculuma!
|