|
Iritzi artikulua: Maite Ezkurra eta Amaia Domeño (hautetsi independentistak Burlatan)
Haur-eskolaren eraikina eraikitzez bukatu eta gero, datorren ikasturterako matrikulazioaren unea iritsi da 0-3 urte bitarteko haurrentzat. Ikasturte honetan zabalik behar zuen dagoeneko, baina bai joandako gobernu-taldeak bai oraingoak erakusi duten eraginkortasun ezagatik itxirik darrai. Bere garaian zinegotzi abertzaleok salatu genuen bezala, 2009ko aurrekontuetan hala ekipamendu nola langileriaren soldatak ordaintzeko aurreikuspen faltak, are gehiago atzeratu du zentro berriaren irekiera. Hala ere pozten gara, nola ez, zeren eta atzerapena egon arren, azkenean zerbitzu berri bat izando dugu gure herrian. Baina, hasiera batean berri ona izan beharko lukeenak, kezka sakona sortzen du gugan, PSOEk haur-eskola martxan jartzean hartu duen eskuineranzko joeragatik: ESKOLAREN GESTIOA PRIBATUA IZANGO DA, eta honek, zalantzarik gabe, ondorio ezkorrak ekarriko ditu eskeini beharreko zerbitzuaren kalitatean. Berriz ere guztion eskubidea izan beharko lukeen gure txikienen hezkuntzarekin “negozioa” egingo dute. Guzti hau etorriko diren langileengan egonkortasun eza sortuko duen prekarietateari esker izango da, zalantzarik gabe zerbitzu okerragoa eta kalitate urriagoko hezkuntza eragingo dute. Azken finean, bai langileak bai erabiltzaileak izango bait dira kaltetuenak.
Oraingo honetan, udal-langileak kontratatzeko prozesua egiteko, udala denboraz larri dabilela da erabili duten aitzakia. Hau, nortzuk eta, urte hauetan, presa izan ez ezik, beste guztia izan dutenen esanetan. Gainera, modu honetan zerbitzua merkeago izango dela aldarrikatzen dute. Argi geratzen da herritarren eskubideekin zeken izatea, batere progresista ez izateaz gain, Burlatarentzat bai hezkuntza bai gizarte inbertsio oso zatarra dela. Azkenik, eskolak jarraituko duen hizkuntza ereduari buruzko gure kezka adierazi nahi dugu. Espero dugu, eta hala sinetsiko dugu, zentrua elebiduna izango dela, euskal eta gaztelera lerro bereiztuak eskainiko direlarik, diseinu eta projektuan aurreikusten zen bezala. Aurkitzen garen gune-mixtoak eta Burlatan euskal haur-eskola publiko ezak, gehiengoaren aldarrikapena bihurtu dute eredu honen beharra. Hamarkada honetan hainbat familiek beren haurrak haurtzaindegi eta haur-eskola pribatuetara, edo Burlatatik kanpoko euskarazko publikoetara bidali behar izanak, udalak jarrera arduratsua har dezan eskatzen du, euskalduna izango den haur eskola bermatuko duena. Gure hizkuntzaren errekuperatze, mantentze eta normalizazioa bermatzea, haurtzarotik norbereganatzeko bitarteko egokiak ezartzen badira bakarrik lortu ahalko da. Eta gure herritarrei dagozkien eskubide hau bermatzea, une honetan udalaren agintea dutenen arduretako bat da.
|