HEZKUNTZA SISTEMA NAZIONALA aldarrikatu, borrokatu, eraiki!
Ikasturtea hasi besterik ez dugu egin eta Euskal Herriko hezkuntza esparrua gori-gori dago: hizkuntza politiken nahiz curriculum dekretuen gaineko hika-mikak eztabaida orokorren erdigunean kokatzen ari dira, borrokaldi ezberdinak, gurasoak kaleak hartzen, unibertsitateak pasa den ikasturteko ajetik esnatzen ari dira... Gaurkoan Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak ikasturte berriko lehen Koordinazio Batzarra egin du Ibarran. Kokaleku hau aukeratzea ez da kasualitate hutsa izan, azken hilabeteetan Ibarrako herria astindu duen gaia ekarri nahi izan baitugu gurera, egoera aztertu eta Euskal Herri osoko arazoa den Haur Eskolen gaineko iritzia osatu.
Ikasturte hasiera guztietan Haur Eskolen gaineko borroka ezberdinak pizten dira herriz herri: euskarazko eskaintza bermatzeko aldarrikatuz, haurraren bizilekutik gertuen dagoen Haur Eskolarako sarrera exigituz, ikasleen ratioa jaistea eskatuz... Ibarran herri proiektu oso baten parte zen Haur Eskola sare publikoan txertatu dute, eskolarekin zein herriarekin erabakia konpartitu gabe. Ondorioak ugariak ari dira izaten (irakasle ugariren kaleraketa, gurasoen haserrea, herritarren harridura...). Kaltetuak, ordea, Ibarrako 0-3 urte bitarteko haurrak eta Ibarrako herria bera izango da, aurrerantzean Ibarrako Haur Eskola ez delako Ibarratarrek behar eta nahi dutena izango eta ez delako herriak nahi duen proiektuaren parte izango, ez Ibarrakoa behintzat.
Mila bider aldarrikatu dugu Haur Eskolek haurraren garapenean duten garrantzia, hizkuntzen irakaskuntzan betetzen duten papera funtsezkoa delako, haurra jendartean barneratzeko ematen den lehen urratsa delako... eta, zalantzarik gabe, tokian tokiko herri proiektuari egiten dion ekarpena alde bikoa delako: herria egiten laguntzen baitu eta jendarte bateko balore, ohituren, hizkuntzaren transmisiorako lehen kate-begia baita. Ibarran bezala, Bilbon, Iruñean, Gasteizen... eta hamarnaka tokitan urtez urte errepikatzen den arazoa da. Euskal Herriak Bere Eskolak mila bider aldarrikatu badu ere, gaurkoan berriro ere esango dugu Haur Eskolak hezitzaileak, euskaldunak eta tokian tokiko herri proiektuan txertatuak egon behar dutela. Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak aurtengorako duen erronkari garrantzitsuena Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzea, borrokatzea eta eraikitzea izango da, tartean behar eta nahi dugun Haur Eskola exigituz. Baina ez da hori ikasturte honetan egingo dugun gauza bakarra. Izan ere, Euskal Herriko hezkuntza mugimendua aktibo dabil azkenaldian eta azken urteetako lanaren emaitzak jasotzen ari gara. Guztiak ere, Hezkuntza Sistema Nazionala egunez egun eraikitzeko pausuak izanik. Pasa den ikasturte amaieran Euskal Curriculuma Kurssalean aurkeztu ondoren, ikasturte honetan erronka berri baten aurrean aurkitzen da hezkuntza komunitatea: Euskal Herriko ikastetxeetan ekarpen fasearen bigarren buelta egingo da. EHBEk eskolaz –eskola egingo diren eztabaidatan parte hartzera deitu nahi ditu euskal ikasle, langile, irakasle, guraso nahiz herritarrak. Orain dugu aukera gure haurrek biharko ikastetxeetan guk erabakitzen ditugun izenak ikasi ditzaten. Europan inoiz egon den Curriculum partehartzaileena sortzera goaz, baina sortzen den egitasmoa osatua, demokratikoa eta burujabea izan dadin, guztion parte hartzea ezinbestekoa izango da, ezinbestekoa!
Unibertsitate propio bat lortze bidean ere urrats atzeraezinak eman ziren pasa den ikasturtean, Euskal Unibertsitatea sortuko duen Fundazioaren sorrera, besteak beste. Unibertsitate bat martxan jartzeak suposatzen duen lana oso handia bada ere, ikasturte honetan urrats berriak ematen jarraitzea espero dugu. Euskaldunontzat historikoa izan den aldarrikapena egunez egun errealitate bilakatzen ari da eta inork gutxik oraindik orain zalantzarik izango balu, Euskal Unibertsitatea eraikiko dela azpimarratu nahi dugu gaurkoan.
Zalantzarik gabe, azken asteetan zalapartarik handiena sortu duen gaia hizkuntza ereduen gaineko afera izan da. EAEko Hezkuntza Sailak duela urte eta erdi proposatu zituen helburuekin ados agertu ginen, baina mesfidati jardun dugu proposamena denboran atzeratzeaz gain, helburuak lortzeko inongo biderik zehazten ez zuelako. Denbora pasa da, gehiegi, eta gure mesfidantza mespretzu bilakatzen ari da. Izan ere, ikasleok eskolaren bidezko euskalduntzea bermatzeko bideak apaldu egin dira eta proposamena aurkeztu zenean lau haizetara zabalduriko helburuak lortzeko oso urruti egongo baita. Zergaitia? Hoberena Tontxu Camposi galdetzea izango da, baina guk baditugu gure susmoak: batetik, PNV eta PSE-ren mehatsuak daude, proposamenaren muina aldatu ezean kontra bozkatuko dutela esanez; baina, bestetik, EAEko Hezkuntza Sailaren borondate zein ausardia falta dago, herriak aldarrikatzen duenari bide emateko borondate nahiz ausardia falta. Nafarroan aurten martxan jarriko diren “Hello” haur eskola eta “TIL” ereduak Nafarroako Gobernu Foralak eskolaren bidezko euskalduntzeari eginiko gerra deklarazioa dira. Euskararen etorkizuna bermaturik ez eta erdal hizkuntzak lehenesten zein prestigiatzen dituen ereduak ezarriko dira aurtengoan, baita zonalde mixtoa deritzonean ere. Zer uste duzue, Vascuencearen legearen bermoldaketa antzu batekin engainatuko gaituzuela? Ez gara inozoak eta ez gaituzue engainatuko. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan euskarazko irakasleen kontratazioa, beste urte batez, borroka arrazoi bilakatu da. Gero eta haur gehiago euskarazko eskaintzara gerturatzen den bitartean, frantziar ministeritzak irakasle euskaldun gehiagoren kontratazioa ukatzen du. Hori bai, carta magna frantsesean euskarai aipamen bat egin zaio (frantses hizkuntzaren Academiak euskara errefuxatzen duen bitartean), folklorera mugatzen den aipamena da, ordea.
Euskararen biziraupen nahiz garapena ziurtatua izan dadin, Euskal Herri osoan eskolaren bidezko euskalduntzea bermatu behar da. Urte gehiegi daramatzagu euskalduntzen ez duten ereduetan ikasten eta aldaketa beharrezkoa da. Agintariak ere aspaldi konturatu dira hortaz; gakoa, ordea, aldaketa horren norabidean dago. Euskal herritarrok hautua aspaldi egin genuen: eskolak Euskal Herri osoan euskaldundu behar du. Esparru batzuetan urratsak ematen ari gara, beste batzuetan eztabaidak puri-purian daude eta pelota agintarien teilatuetan. Bidea zein den argi dugu, Hezkuntza Sistema Nazionala, eta horretan lagunduko digun bidelaguna zein den ere bai: Oinarrizko Hezkuntza Akordioak hezkuntzaren gainean plazaratu zuen ikuspegi berria. Azken urteetan adosturiko akordio anitz eta zabalena izanik, bertan mahai gaineratu ziren gako nagusiak (HSNren jabe den herria da Euskal Herria, hezkuntza eskubideen zerrendaketa eta publikotasunaren ikuspegi berria) hartu behar ditugu eta gure eguneroko jardunean txertatu.
Euskal Herriak Bere Eskolak aurtengo ikasturtean Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatu, borrokatu eta eraikitzen jarraituko du. Hezkuntza komunitatea zein herritarrei deialdi bakarra egin nahi diegu, hezkuntza eskubideen alde eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde lanean jarraitzeko deialdia, lana soberan baitago. Ibarran, 2008ko irailaren 20ean
|