hezkide kopururaren kontadorea

EUSKAL HERRIAK BERE ESKOLAK ZURE LAGUNTZA BEHAR DU!


Tontxu Camposi gutuna entregatu diogu PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Plazara - Eskolak euskaldundu behar du!
Asteazkena, 2008(e)ko Urria(r)en 08-(e)an 11:47etan

EE-Urriak 8-kontzentrazioaGaur, urriak 8, kontzentrazioa burutu dugu Gasteizko Parlamentu aurrean. Bertan eskolak euskaldundu behar duela eta horretarako Tontxu Camposen sailetik proposaturiko lege aldaketa berria nahikoa ez dela aldarrikatu dugu. Kontzentrazioaren leloa "Eskolak euskaldundu behar du! Iruzurrik ez! Hezkuntza Sistema Nazionala" izan da eta bertan gure jarrera publikoki azaltzeaz gain gutuna ere eman diogu EAko talde parlamentarioari, euren bitarteaz Tontxu Camposek proposaturiko legeari egiten dizkiogun kritikak jakin ditzan.

Gutun horretan kritika nagusiak egiten dira, azkeneko egunetan filtratu diren brerrien gaineko kezkak azaldu eta legeak berak dituen hutsuneak salatu. Euskal Herriak Bere Eskolatik argi dugu euskaldunduko ez duen eskola eredu baten alde ez dugula egingo eta gaur egungo D ereduaren azpitik geratzen diren proposamen guztiak eskasak direla.

Irakurri barruan gutuna eta ikusi argazkiak.

 


 

PDFTontxu Campos jauna:

Lehen eskutik jasota ez, baina zure Hezkuntza Sailak hizkuntza ereduei buruz egin duen proposamena irakurri eta sakon aztertzeko aukera izan dugu. Egia esan udara baino lehen aipatu zenituenak entzunda beste lege proiektu bat aurkeztuko zenuela uste genuen, gure aburuz hau ez dagoelako errealitatera egokitua eta aurrekoa bezala porrotera kondenatua dagoelako.

Lege proposamenari helduz, Aurkezpena atalean, lege proiektuaren testuinguru sozialaz hitz egiten duzu. Etengabe bi egitate nahasten dituzularik, Euskal Autonimia Erkidegoa eta Euskal Herria, bigarrena lehenengoa izendatzeko erabiltzen duzularik. Kontu hau, EAErako onartu berri duzuen curriculum autonomikoan ere gertatzen da eta honek ondorio nabarmena du euskal ikasle eta herritarrengan, herri honen lurralde hedaduraren inguruko nahasmena sortzen baituzue. Guztia, zer eta kontutxo bat izkutatzeko, Euskal Herria 7 herrialdez osatutako nazioa dela eta EAE soilik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Zoritxarrez, ez daukagu lurralde osorako hezkuntza sistemarik eta bai EAEn eta bai gainontzeko herrialdeetan hezkuntzari buruzko erabaki nagusiak ( eta ez hezkuntzari buruzkoak bakarrik) Madril eta Parisen hartzen dira. Daukagun muga hau ez onartzea oso larria iruditzen zaigu.

Honekin batera, beste kontu bat ere ahazten duzulakoan gaude: euskarak bizi duen gutxiagotasunezko egoera ez dela zerutik eroritakoa. Euskara gutxiagotua baldin badago Espainiar eta Frantziar Estatuek horretarako beraien esku zegoen guztia egin dutelako eta egiten dutelako baita.

Bestalde, pozten gara hizkuntza ereduen politikak jasan duen porrota onartzen duzulako EHBE sortu zenetik behin eta berriz aipatu dizugu eta. Hori bai, gure uste apalean, 26 urte eta dozenaka mila ikasle erdaldun EAEko hezkuntza sistemak kaltetuak izatea gehiegizko odolustea da. Nahiz eta badakigun ez zu eta ezta zure alderdia ere ez zaretela beti gaur zaudeten Hezkuntza Saila zuzentzen egon.

Lege proiektuarekin aurrera jarraituz, Zioen azalpena atalean, legearen funtsa eta artikulatua azaltzen duzue. Bertan aipatzen diren hainbat atal eta esaldirekin ados gaude, eta bereziki helburu nagusiarekin: ikasleek gutxienez euskara eta gazteleraz mintzatzeko gaitasuna izatea. Kontua da, orain 26 urte onartu zen legeak ere helburu bera zuela. Zoritxarrez, helburua lortzeko neurri eraginkorrak proposatu behar dira, alta zure proiektuan jasotzen diren neurriekin ez dago inondik inora helburua lortzerik. Hitz gutxitan, proiektua berriz ere porrot egitera kondenatua dago eta kontrakoa esatea herritarrei iruzur egitea da.

Goiko baieztapena egiteko, argudio ugari ditugu, lerro hauetan soilik garrantzitsuenak aipatuko dizkizugu, hori bai gurekin biltzeko prest baldin bazaude guztiak sakon ezagutzeko aukera izango duzu. Guk behintzat aukerak dauden bitartean ez diogu EAEn eskolak euskalduntzeari muzin egingo, horregatik parlamentuan legea onartu baino lehen gure proposamenak lege proiektuan txertatzea eskatzen dizugu:

  • Zuk zeuk onartzen duzun bezala, orain arte emaitzarik onenak eman dituen eredua, D eredua da, %100 euskarazkoa, ingelera eta gaztelera salbu. Gauzak horrela, zergatik eman soilik irakasgaien %60 euskaraz? Zuen datuen arabera gainera, D ereduan ikasi edo erdara hutsean ikasi gaztelerako emaitzak antzekoak dira, selektibitatean adibidez.

  • Helburua argi azaldu behar da, zuen proposamenetik B2 maila, First-aren parekoa, desagertu egin da. Zergatik? Gure uste apalean maila hobea litzateke C1, dena den, B2a ere minimo bezala onartzeko prest gaude.

  • Irakasle euskaldunik gabe ez dago ikasle euskaldunik.Oso neurri apalak proposatzen dituzue irakasle euskaldunak izateko: magisteritza eskoletan erdal adarra mantentzen duzue; irakasle berrien kasuan ez duzue eskatuko zaien perfilik zehazten; etab.

  • Beste hainbat neurri garrantzitsu ere faltan bota ditugu: IRALE programaren aldaketa zertan gauzatuko den; ikasgeletako ikasle kopurua murriztea; pedagogia partehartzailea aplikatzea; eskola barneko funtzionamendua euskalduntzeko neurriak ( langile euskaldunen kontratazioa adibidez); eskolari lotutako ekintzak euskalduntzeko neurriak: kirola, musika,…; orain arte sistemak kaltetu eta euskaldundu ez diren ikasleak euskalduntzeko euskaltegietako matrikula finantzatzea; etab.

  • Finantziazioa. Non dago? Goitik behera legea aztertu eta beronek praktikan eragina eduki dezan diru iturriei buruz ez dio ezer. Sinestezina.

Atal honekin amaitzeko, beste neurri garrantzitsu bat ere aipatu nahi dugu, ikasleek euskara Euskal Herriko hizkuntza propio gisa ulertzeko neurriak. Ikasle eleanitzak helburu duen legeaz hitz egiten duzu, guk ikasle euskaldun eleanitzak behar ditugula diogu. Euskaldunak, euskal kultura eta identitateaz jabetzen direnak, mundu globalizatuan hizkuntza handien menpean ikasleek euskara erabiliko badute norbere hizkuntza gisa sentitu behar dute. Horretarako Euskal Curriculum burujabean heztea ezinbestekoa dela deritzogu. Zuek proposatzen duzuen Curriculuma, Espainiar Curriculumean oinarritua baitago, Espainiar kultura, baloreak edota Espainiar Konstituzioa propio gisa barneratzeko helburua duena ( Educacion por la ciudadania/Hiritartasun hezkuntza irakasgaia adibidez), ikasleei nahaste borraste ikaragarria eraginez. Badakigu EAEko Hezkuntza Sailak ez duela Euskal Herri osorako ez eta EAErako Curriculum burujabea egiteko eskumenik, baina gutxienez dituzuen/dauzkagun mugak onartu eta gainditzeko ahalegina egitea dagokizula/dagokigula uste dugu.

Esan bezala, gu ere legeak helburuak lortzearen aldekoak gara, goian aurkeztu dizkizugun neurriek lagundu zaitzaketelakoan gaude. Hala ere, oso kezkatuak gaude azken asteotako presioen aurrean, guk proposatutako neurriak baino zure proposamena oraindik eta gehiago ahuldu dezaketen neurriak lege berrian txertatzeko agertu duzun prestutasunagatik. PSOEren eta euskararen etsaiak direnen jarreraren berri bagenekien ( ez du ikasle euskaldunik nahi), baina bidelaguntzat izan dituzuen EAJko buruzagien jarrerak bereziki kezkatzen gaitu, presio plan hauetan buru belarri parte hartu dutelako ezer aldatuko ez duen proposamen berri baten aldeko apustua eginez.

Bestalde, zure proposameneko puntu bat benetan paradoxikoa iruditu zaigu : nola da posible legeak aurrikustea legea beteko ez duten eskola publikoentzako neurriak? Azken finean ez al da administrazio publikoa izan behar legea betetzen denaren bermatzailea? Dagoeneko badakizue legeak porrot egingo duela?

Bukatzeko, EAEn euskaldunduko duen proposamena aurkeztekotan gure babesa izango duzula jakinarazten dizugu. Dena den, legeak euskalduntzeko neurri minimoak behar ditu, goian eskeini dizkizugu eta espero dugu aldaketak txertatzea. Bestela, legea porrot berri bat izango litzateke eta euskararen geroak kalte larria jasango luke.

Adeitasunez,

Euskal Herriak Bere Eskola.

Gasteizen, 2008ko urriaren 8an

 

 

Deialdiak

<<  Abuztua 2010  >>
 As  As  As  Os  Os  La  Ig 
        1
  2  3  4  5  6  7  8
  9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031     

Bannerrak

Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra

:    :