|
Eskolak euskaldundu behar duela berriro ere aldarrikatzeko unea heldu da. Azkeneko aste hauetan berri nahasiak datoz EAEn lege berria onartuko ote denaren inguruan. Orain dela aste bat legerik egongo ez zela bazirudien ostiralean baietz, lege berria onartuko zela esaten zuten. Eta lege hau PNVren oniritziarekin badator aurreikusi daiteke Tontxu Camposek eginiko proposamen eskasa bera ere murriztuko duela. Oraindik-orain 3 ikasletik bakarra baino ez da euskalduntzen. Nafarroa Garaian ingelera euskararen ordez izango duten ereduak martxan jarri dituzte. Ipar Euskal Herrian ixil-ixilik euskara desagertzen ari da. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egoera ez da hobetzen ari. Honi guztiari aurre egiteko asmoz prentsaurreko herritarra deitu dute Eskola Euskaldundu Herri Ekimenetik. Hurrengo larunbatean izango da, Antiguako frontoian (Donostia), goizeko 11:30tan. Helburua jende ugari biltzea da, gaiak duen garrantzia prentsaren bitartez ager dadin. Irakurri barruan atxikimendua emateko gutuna.
Kaixo lagun!! Euskararen biziraupena eta garapena ziurtatzeko eskolaren bidezko euskalduntzea bermatu behar da. Euskaldundu beharreko eremu bakarra ez izan arren, hezkuntzaren bidez belaunaldi berriak hezten diren neurrian, berebiziko garrantzia duen eremua dela ukaezina da. Euskal Herrian, ordea, 3 ikasletik 1 ez da euskalduntzen eta eremu administratibo ezberdinetatik garatzen ari diren hizkuntza-ereduen politikek hutsune nabarmenak dituzte arlo honetan. Egoeraren larritasunaz ohartarazteko, kontutan hartu behar dugu hainbat neurri eraso zuzenak direla gure hizkuntzaren biziraupen nahiz garapenerako (Nafarroan martxan jarri diren TIL, British edo Hello ereduak kasu). Egoera honen zurrunbiloan, ez genituzke ahaztu nahi ikastetxez ikastetxe euskararen aldeko lan praktikoa burutzen duten ikasle, langile, irakasle, guraso nahiz herritarrak. Baina borondate pertsonalen gainetik, eskolak Euskal Herri osoan euskaldundu behar du. Honen aurrean, hezkuntza eta euskalgintzako hainbat eragile zein norbanako biltzen dituen Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak hainbat dinamika egin ditu azken urte zein hilabeteetan: 107.774 sinadura lortu eta Donostian egindako manifestazioa, postal bilketa erraldoia, manifestazioak... Gaurkoan beste ekimen bat aurkeztera gatozkizu eta zure partehartzea eskatzera. Eskolaren bidezko euskalduntzearen aldeko Agiri bat osatu (atxikirik duzun dokumentua) dugu eta eremu ezberdinetako (idazleak, kirolariak, aktoresa/aktoreak, bertsolariak, eragileak...) lagunekin lantzen ari gara. Gure helburua ahalik eta atxikimendu gehien lortzea da eta azaroaren 15ean egingo dugun prentsaurrean argitara ematea. Hori dela eta gerturatu gara zugana, zehazki honako proposamena zuri luzatzeko: - Agiriari atxikimendua eman
- Zure inguruneko kide/lagun/lankideei mezua zabaldu, eurak ere atxikimendua eman dezaten (horretarako, nahi izanez gero, eskuartean duzun mezua berbidali dezakezu)
- Azaroaren 15ean egingo dugun prentsaurrekoan parte hartzea. Hitzordu zehatza, honakoa: azaroaren 15a, larunbata, goizeko 11:30tan Antiguako frontoian, Donostian. Ezingo bazenu bertaratu, aldez aurretik jakinarazi, mesedez.
Atxikimenduak azaroaren 13a aurretik helbide elektroniko honetara (
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
) igorri, mesedez. Egoeraren larritasunaz ohartu eta zure atxikimendua emango duzulakoan, eskerrak emanez agurtzen gara. ESKOLAK EUSKAL HERRI OSOAN EUSKALDUNDU BEHAR DU
|
|