Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan mobilizazio eguna deiturik zegoen gaurko. Tontxu Camposek proposaturiko Hizkuntza Ereduen legeari ez esan eta euskaldunduko duen eskola baten alde aritzeko deia. "Eskolak euskaldundu! Herri Ekimena"n parte hartzen dugun eragileok lege honek iruzurra baino ez duela ahalbidetzen ikusi dugu. Aurreko asteotan lege honen inguruan argibide gehiago eman ditugunez oraingoan mobilizazio egunaren nondik-norakoak aipatuko ditugu.
Goizean 1.000 bat ikasle atera dira kalera mobilizazio ezberdinetan. Oraindik datu guztiak esku artean ez baditugu ere kontzentrazioarik handiena Bilbon izan da, EAren egoitza aurrean. Bertan 200 ikasle bildu dira EAko kide den Tontxu Camposen legea salatzeko asmoz. Groseko alkartetxearen, Gernikako udaletxearen eta Tolosako Batzokiaren aurrean ere ikasle andana bildu da. Elgoibar eta Arrasaten, adibidez, manifestaldiak egin dira eta Gasteizen Hezkuntza Delegaritzaren aurrean kontzentrazioa egin dute 60 bat ikaslek.
Ikus barruan argazki galeria, datu eta mobilizazioen mapa eta elkarrizketak audioa. Honako blogetan ere landu dute:
Uribe Kostako ikasle bati elkarrizketa Koska Irratian:
Ibai Redondori elkarrizketa Info7n:
Irudien jatorria: lantalde eta herri ezberdinetatik bidalitakoak, Gaztesarea eta Ukberri
Ikasle Abertzaleaken irakurketa
ABENDUAK 17 MOBILIZAZIO EGUNA NAHIKOA HELDUAK GARELAKO IKASLEOK IRUZURRAREN LEGEARI EZ! ESKOLAK EUSKALDUNDU BEHAR DU!
Gaur, hilak 17, mobilizazio eguna izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, Tontxu Campos eta enparauek eginiko legea iruzur hutsa dela aldarrikatu asmoz. Eskolak euskalduntzen ez duela esanez pasa ditugu azken urteak, eta egoera hau hobetzeko behar zen lege baten beharrean, egoera hau iraunarazi, eta are gehiago, kaskartuko duen lege proiektu bat egin dute.
Lehenik eta behin, lege honek zuzenean ikasleoi eragingo digula kontutan izanda, benetan haserre agertu beharra daukagu. Ez lege hau egiteko orduan, ez eta jendarteratzerakoan, ez da ikasleokin ezertarako kontatu. Gainontzeko hezkuntza komunitateari lege proiektua aurkeztu zitzaion egunean, ez al zuen Tontxuk inor faltan bota? Ez al du uste guk ere, badugula esateko asko? Nahikoa helduak garela, eta badugula guri eragingo diguten erabakien aurrean parte hartzeko nahikoa heldutasun?
Horrez gain, legeak berak dioenari helduta, lotsagarria iruditzen zaigu euskarak egun bizi duen egoeraren aurrean lege honek euskarari eskolan ematen dion presentzia eskasa. Hau da, irakasgai guztiak, hots irakasgai linguistikoak ere kontutan izanda, guztien %52 soilik emango dira euskaraz. Hau da, egungo B ereduan hezi nahi gaitu EA-k. Ohartu behar gara, jakin badakigula eta eurek ere onartu zutela, egungo B ereduak 3 ikasletatik 1 baino ez duela euskalduntzen. Hau al da lege honekin lortu nahi dena?
Kontua da, ez dakigula zehazki zer den lege honekin lortu nahi dena. Ikusi besterik ez dago nola zehazten dituen legeak ikasleok eta irakasleek izan beharreko euskara mailari dagozkion perfilak. Hau da, ez da batere zehazten. Barregarria ere bada, irakasleei dagokionean, “euskara maila nahikoa” izan beharko dutela zehazten baita. Akaso eurek jakingo dute zer den honekin esan nahi dutena, baina gure galdera da: Kimika eman behar duen irakasle bati, kimikaren inguruko “ezagutza maila nahikoa” eskatzearekin korformatuko ote gara? Ez dugu uste. Irakasle horri titulu bat eskatuko zaio. Kimika badakiela ziurtatzen duen titulu bat. Ez al da hala?
Honetaz gain, legeak dioen moduan hemendik aurrera irakasle guztiek euskaraz jakingo badute, irakasle eskolen inguruan ere zerbait zehaztu beharko luke lege honek. Baina ez; egun oraindik gaztelaniazko adarrak ere badiren irakasle eskolekin zer egingo da? Ez al da ezer egingo?
Hemen aipatu atalak, eta beste asko baloratu ostean, lege hau administrazioaren eta zehazki Earen beste iruzur bat baino ez dela aldarrikatzeko atera gara gaur kalera.
EAEko 65 unibertsitate eta eskolatan 2 ordutako paroak burutu dira gaur goizean, herriz herri deituta zeuden mobilizazio desberdinetan parte hartzeko. Elkarretaratzeak, hitzaldi eta eztabaidak, parodiak, eskuorri banaketak, giza kate edo eta manifestazioak izan dira gaur goizean zehar EAEko herri desberdinetan ikasleon hitza entzunarazteko bideak. EAko Elkartetxeen aurrean, edo eta euren lagun diren PNVko Batzokien ateetan, nola udaletxe, hezkuntza delegaritzetan elkartu dira ikasle gehienak.
Halere, beste behin ere ikastetxe asko eta askotako zuzendari eta irakasleen jarrera salatu beharrean aurkitzen gara. Oraindik orain, ikasleoi dagozkigun eskubideak urratzen zaizkigun hezigune asko baitira Euskal Herri zabalean. Gaurkoan ere, hainbat ikaslek euren eskolan bertan egin behar izan dituzte mobilizazioak, euren eskubidea den paro deialdi bat egin eta hau betetzea galarazi zaielako zuzendaritzatik.
Halere, modu positiboan baloratzeko mobilizazio egun bat izan da gaurkoa. Ikasleok dagokigun indarra erakutsi dugu, eta EAri, nola euskal jendarteari iruzur egin nahi dieten agintariei hortzak erakutsi eta eskolak euskalduntzearen beharra lau haizetara zabaldu dugu.