|
Iritzi artikulua: Markos Nanclares eta Carol Canto. Anitzak Ekimena Urtero bezala, aurten ere gure seme-alabak zein eskolatan matrikulatu erabakitzeko unea iritsi zaigu gurasoei. Erabakia, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da eta Anitzak, Euskal Herritik kanpo etorritako pertsonek osatutako herri ekimenak, honen inguruan honako gogoeta hauek plazaratu nahi ditu.
Lehenengo eta behin, egun hegoaldean ezarritako eskola-hizkuntza ereduei gure kritika azaldu. Anitzak-en ezin dugu ulertu nola, bere burua demokratikotzat, aurrerakoitzat eta barne hartzailetzat daukan hezkuntza sistema batek, mantendu dezakeen eskola eskaintza segregatzaile eta diskriminatzaile bat, hizkuntza ereduen arabera banatuta. Banaketa honek, gainera, batere desiragarriak ez diren errealitateak sortu ditu gure eskola mapan. Eredu banaketa hau mantentzeko irizpide pedagogikoak zeintzuk diren jakin nahiko genuke. Tamalez, susmoa daukagu erabaki hau hartzerakoan gure seme-alaben hezkuntza interesetatik urrun dauden arrazoiei eman zaiela lehentasuna.
Honekin lotuta, duela hilabete batzuk, komunikabideen bidez, euren seme-alabak ama hizkuntzan eskolatuak izateko eskubidea, gazteleraz hain zuzen, aldarrikatzeko plataforma baten existentziaren berri izan genuen. Anitzak-ek jakin nahiko luke ea plataforma honek eskubide bera aitortzen digun Euskal Herrian bizi, eta ondorioz, hemengo herritar sentitzen garen guztioi, gure jatorrizko hizkuntza gaztelera ez izan arren. Esaterako, arabiar, errumaniar, galiziar edota portugaldar komunitateetako gurasoentzat ere hizkuntza hauetaz euren seme-alabak eskolaratzeko eskubidea, era sutsu berean, defendituko al duten ala ez?
Jakina, guk ere gure seme-alabek heziketan euren jatorrizko hizkuntzan eskolatzea egokiena litzatekeela pentsatzen dugu, Nazio Batuak bezalako hainbat erakundek gomendatzen duten moduan, baina, izan ere jabetzen gara, egun, ikasleriaren eta hizkuntzen aniztasuna hain zabal izanik hau ezinezkoa dela. Alde batetik, horretarako beharrezkoak liratekeen giza-baliabideak zein ekonomikoak lortzerik ez dagoelako (soilik kopuru handieneko komunitateei aukera hau emango balitzaie ere). Bestetik, lehen esan dugun bezala, nahiz eta baliabide nahikorik izan eskolak hizkuntzen arabera antolatzeko, egoera honek hezkuntza sistema segregatzaile batera eramango gintuzke., eta hau ez da batere gomendagarria,, historian zehar munduko hainbat tokitan ikusi den bezala. Finean, herri honetan denok elkarrekin bizi behar badugu, argi dago gure seme alabek ere elkarrekin ikasi behar dutela.
Ondorioz, jatorri eta hizkuntz ezberdinetako ikasleek elkarrekin ikas dezaten hautatzeak, eskola-hizkuntza zein izango den erabakitzera garamatza. Erabaki hau hartzeko, beste auzi batzuk albora utziz, gure ustez hezkuntza sistema orok bermatu beharko lukeen beste oinarrizko printzipio bati begiratu behar diogu. Aukera berdintasunaren printzipioari buruz ari gara hitz egiten. Printzipio honen arabera, eskolak bere ikasle guztiei aukera berdinak bermatu behar dizkie derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan. Hezkuntza sistemak ahalbidetzen badu ikasle batzuk gure lurraldean ofizialak diren bi hizkuntzetan gai izatea eta, aldiz, beste batzuk ez, aukera berdintasun printzipio hau urratzen ari da. Etorkizunari begira, eta ez bakarrik lan esparruari dagokionez, baizik eta giza-harreman, integrazioa eta gizarteratze esparruei dagokienez ere, zein ikaslek izango ditu aukera gehiago bizitzan, gazteleraz bakarrik hitz egiten duenak ala, gazteleraz gain, euskaraz ere adierazi eta komunikatzeko gai denak?
Gaur egun, eskolaldi bukaeran bi hizkuntzetan gaitasuna bermatzen duen aukera bakarra D eredua da, argi frogatuta geratu baita beste ereduek helburu honetan porrot egin dutela. Datuei begira, 2007-2008 ikasturtean, Euskadiko Autonomi Erkidegoan, ikasleen % 81 ikasgai gehienak euskaraz zituzten ereduetan zegoen matrikulaturik (3-5 urte artekoen kasuan kopuru hau % 93,3koa izanik). Aldiz, estatu espainoletik kanpo, batik bat Europa Batasunaz kanpotik, etorritako migratzaileen seme-alaben % 45a A ereduan zegoen matrikulatuta, % 27,8a B ereduan eta % 27,8a D ereduan. Ehuenko hauek are lazgarriagoak ziren Nafarroan, ikasle hauen % 99a G ereduan matrikulaturik, non, jada ondo dakigunez, euskara ez da azaltzen ezta ikasgai bezala ere. Errealitate honen aurrean gure galderak honako hauek dira: Zergatik Euskal Herriko bertako familien eta, nahiz eta kanpotik etorri (estatu espainoleko herri eta lurralde ezberdinetatik, batez ere), hemen urte gehiago daramaten eta, ondorioz bertako errealitatea hobeto ezagutzen duten familien seme-alabentzat ona dena, ez da hain ona, ordea, kanpotik datozen gainerako familientzat? Zer nolako informazio mota, eta nork helarazita, jasotzen dute familia hauek gehiengo nabari batek A eta G ereduen alde egin dezaten? Zer gertatuko da, urte batzuk barru, haur eta ume hauek lan merkatuan txertatu orduko, aurreikuspenen arabera gero eta lan gehiagorako ezinbesteko baldintzatzat hartuko den euskara ezagupenik ez badute betetzen? Nor izango da ezjakintasun honek, lan-mailan eta maila sozialean, sortarazi dakizkiekeen kalte eta arazo guztien erantzule?
Pertsona hauek bakarrik aldi labur baterako daudela eta epe motz batean, euren migrazio proiektuarekin jarraituz, Euskal Herritik alde egingo dutela argudiatzea ezin da onartu aitzaki gisa, inondik ere. Esperientziak argi eta garbi erakusten digu, hasiera batean denbora motz baterako etorritako pertsona asko, azkenean, betirako geratzen garela harrera-herrietan bizitzen. Hala ere, aldeko eta kontrako faktoreak baloratuz gero, segur aski hobe da hilabete batzuk eman hizkuntza bat ikasten, nahiz eta gero ikasitakoa erabiltzeko aukerarik sekulan ez izan, nonbaiten geratu, bertan hazi eta bertan bizi, toki horretako hizkuntza jakin gabe baino. Gainera, gure kezka azalduko bagenu egunerokotasunean batere baliagarriak ez diren eta, gure bizitzan zehar, inoiz erabiliko ez ditugun eskolan ikasitako edukiengatik, egungo curriculumari oso berirakurketa kritiko eta sakon bat egin beharko genioke.
Hau dela eta, Anitzak-en aldetik, animatu nahi zaituztegu zuen seme-alabak D ereduan matrikulatzeko, hau baita, ezbairik gabe, besteen baldintza berdinetan euren etorkizuna bermatzeko modurik onena. Bigarren hizkuntzen jabetze-prozesua erlatiboki erreza izaten da edade hauetan eta, egungo teoria psikolinguistikoek onartzen duten moduan, baliabide eta tresna egokiekin, gure seme-alabek hiruzpalau hizkuntza batera ikas ditzakete honek, euren garapen kognitibo eta euren formazioan, inongo arazorik sortu gabe.
Era berean, beste hizkuntzen ikaste- eta jabetze-prozesu horretan, gure seme-alabei laguntzeko modurik onena,, familiaren arteko harremanetan norbere jatorrizko hizkuntzaren erabilpena sustatzea biziki gomendatzen dizuegu. Izan ere, ama hizkuntza zenbat eta hobeto menperatu, gero eta errazago izango da besteak ikastea.
Edonola ere, eta bukatzeko, epe motzean egungo hizkuntza ereduen sistema gainditu eta, denon artean, benetako eskola barne hartzailea eta partehartzailea eraikitzeko gauza izan gaitezen espero dugu. Eskola eredu bat non, Euskal Herri osoaren hizkuntza propioa den euskaraz gain, egun herri honetan elkarrekin bizi diren gainontzeko hizkuntza guztiek, gaztelerak eta frantsesak ez ezik (azken finean, bi hizkuntza hauen egoera hegemonikoa beraien presentzia, transmisioa eta prestigioaren bermea da), arabiarrak, galiziarrak, tamasigh-ek, quechuak, errumanierak, wolof-ek, urduk eta beste abar luze batek, merezi duten tokia, trataera era balorazioa izango duten. Hau izango baita tresnarik onenenetako bat norberaren berezko izaera balioesteko, eta ikasle guztien, auto-estima eta konfiantza sustatu eta sendotzeko, familien jatorria zein den berdin izanik. Eskola eredu bat non, esaterako, curriculumen ingelesa eta alemaneraren gaurko atzerriko hizkuntzen eskaintzari, gure hiri eta herrietako komunitate erreferentzialenen eta handienen hizkuntzak gehituko zaizkion, hizkuntza hauek ikasteko aukera ikasle guztiei zabalduz, komunitate horietakoak ez izan arren, modu honetan, gure jendartearen bizikideen arteko ezagutza, eta aitortzarako urrats sendoen bitartez bideak irekiz.
|