Gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan Isabel Celaá Hezkuntza Kontseilariari elkarrizketa egin diote. Hainbat gauza ezberdinen inguruan hitz egin du eta horietatik gehienak kritikagarriak. Guztiei erantzutea zaila egiten bada ere, hona hemen ideia batzuk:
Elkarrizketa:
Lehenengo eta behin gurasoen aukera askatasunaz hitz egin du. Antza orain arte A ereduak hain emaitza txarrak jasotzearen arrazoia ez zen eredu horrek herritar elebakarrak sortzen zituela, baizik eta ikastetxeetan zakarretara botatzen zituztela aukera hori egiten zutenak. Horri buelta emateko aplikazio informatiko bat sortu omen dute eta, gezurrak hanka motza duenez gero, azkar ikusiko da oraindik ere gehiengo oso zabal batek D ereduaren alde egiten duela herri honetan. Hau da, jendearen gehiengoak euren seme-alabak elebidunak izatea nahi du, eta hori ezin dute izkutatu. Atzerapen honekin, espainiar nazionalismo atzerakoienari men egite honekin, ereduen politika mantentzea baino ez dute nahi. Iritzi publikoak badaki A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen. D ereduak bai, D ereduak kasu gehienetan (ez guztietan) lortzen du euskalduntzea. Beraz D eredua da legea betetzen duen eredu bakarra. Euren asmoa ez da legea betetzea, euren asmoa A eredua bezalako proiektu ilegalak mantentzea da. Ez gaitu harritu behar, ez dute EAEko jendartearen gehiengoa ordezkatzen eta, beraz, ez dute gehiengoaren alde agintzen. Isabel Celaák hala ere onartu du herritarren gehiengoak D eredua nahi duela, jendeak euskara gehiago nahi duelako. Eta hori ezin dute izkutatu, ezin dute estali... baina jendearen ideiak aldatu nahi dituzte.
Ondoren hirueletasunaren inguruan hitz egin du (eredu trilinguea). Eredu bakarra inposatu nahi dute, ingelera sartuz eta gaztelera eta euskara maila berdinean jarriz. Berak onartzen du euskara gehiago nahi dutela familiek eta, ondoren, B ereduaren antzeko mailara eraman nahi du euskara. Hau da, euskara gutxiago eskaini. Celaák badaki B ereduak ez duela euskalduntzen. Badaki Euskal Herriko hainbat eskualdetan D ereduak ere zailtasunak dituela euskalduntzea lortzeko. Azterketa soziolinguistikoek argi utzi dute: hiru ikasletik bakarra euskalduntzen da B ereduarekin. Beraz ingelera eta gaztelera gehiago sartuko dituen eredu bakarra eskaintzea inposaketa baino ez da.
Inposaketa diogu bi arrazoi ezberdinak direla eta: Lehenengoa da ez dutela hezkuntza eragileekin hitz egin. Elkarrizketan eragile bakarrari buruz hitz egin du... eta ziurrenik zaila izango du gehiago aipatzea. Euskal Herriko hezkuntzako eragileen gehiengoak argi utzi zuen Curriculum Dekretua aurkeztu zuenean ez dutela gaztelera hizkuntza behikularra izatea nahi. Gehiengo sozial eta sindikala, ikastetxeen gehiengoa eta herritarren gehiengoa ez dago euskara kentzearen alde.
Eta inposaketa dela aipatzeko bigarren arrazoia ere argia da: eredu bakarra egotea ez da inposaketa; hizkuntza bakarra menperatzea bada inposaketa. Guztiok dakigu hiru hizkuntzak maila antzekoan jorratuko dituen ereduak, baita euskararen aldeko desoreka egingo balute ere, herritar elebakar erdaldunak sortuko dituela. Euskara eta ingelera ulertuko dute, bai. Baina gazteleraren pisua handia da arbuiatu ahal izateko.
Guk euskara hizkuntza behikularra izango duen ereduaren aldeko apostua egiten dugu. Eredu bakarra, bai, Euskal Herri osoan. Eta gure eredua, bakarra izan arren, ez da inposaketa, horrek baino ez duelako lortuko herritar eleanitzak. Hizkuntza aukeratzea da aukeratzeko eskubidea. Elebakarrak izatera kondenatzea inposaketa da.
Guzti honi erantzuteko Hezkuntza Deialdiaren baitan eginiko deialdian berretsi nahi dugu. Celaák entzun behar du (Catalán-Azanzak eta Maitiak entzun behar duten bezala) herri bat dagoela euskaraz ikasteko eskubidearen alde, euskaldunduko duen eskola baten alde. Martxoaren 13an manifestazio eta ekitaldi nazionalak burutuko ditugu Bilbon, Arriagatik abiatuta, arratsaldeko 17:30tan.