|
Plazara -
Eskolak euskaldundu behar du!
|
|
Osteguna, 2010(e)ko Otsaila(r)en 18-(e)an 14:13etan |
Atzo eta gaur, EAEn eta Nafarroan Hezkuntzan euskarak bizi duen egoeraren inguruko eztabaida bizi-bizia izan dugu. Batean, matrikulazio kanpainaren emaitzak eta ikasleen gaitasunak ebaluatzeko azterketa; bestean, 4 herri gehiago zonalde mixtora pasako direla erabakitzea.
Zorionak Euskal Herriari Lehenik eta behin zorionak eman nahi dizkiogu euskal jendarteari. Zergatik? EAEn hizkuntza ereduen politika gainditzea lortu dutelako, atzoko datuek argi eta garbi erakusten dute soilik D ereduaren bitartez lortu daitekeela ( eta ez kasu guztietan) euskararen ezagutza eta EAEko gurasoen hiru laurdenak eredu honen aldeko apustua egiten duela. Isabel Celaá eta enparauek orain dela 27 urte euskaren berreskurapena ezinezko egiten zuen ereduen politika abiatu zuten, gaur, gogoz kontra onartu behar izan dute herriak eredu bakarra eta euskalduna nahi duela eta soilik eredu hori dela baliagarria. Ereduen politika EAEn egun gutxitan erreformatua izango da.
Bestetik, Nafarroako Vascuencearen legea eta honen ondorioz herrialdearekin egindako Zonifikazioa pitzadura nabarmenak jasaten ari da. Horren erakusle da, gaurtik aurrera Nafarroako 4 herri gehiago zonalde mixtoan izango direla eta D ereduan ere ikasteko aukera izango dutela. Kasu honetan ere Nafarroako herritarren presioak behartu ditu Nafarroako parlamentariak erabaki hau hartzera.
Kasu partida ez da amaitu eta! Gauza bat da EAEn ereduen politkak porrot egin duela, beste bat aldiz eredu berriak euskalduntzea bermatuko duela. Zoritxarrez EHBEk aurreratu dezake PSE eta PPren etxeko sukaldean prestatzen ari diren eredu berria, “Trilinguea” tranpa bat izango dela. Martxoaren 3an Gasteizko Parlamentuan Isabel Celaák aurkeztuko duen eredu berria, D ereduaren gainean eraikitakoa izan beharrean B ereduaren gainean eraikiko dutenaren zantzu argiak ditugu: Tontxu Camposek pasa den ikasturtean aurkeztutako proposamena inposaketa zela zioten; euskara eta gaztelera irakats hizkuntzak izango dira, B ereduan bezala eta gainera, ingelerari ordu gehiago eskainiko zaizkio; helburuak ez dira zehaztuko eta ebaluazio sistema ez da Europa osokoarekin parekatuko;etab.
Bestalde, Nafarroan tranpa abian da. Batetik, ereduen sistema indarrean da eta euskara baztertzen duten Ingeles-gaztelerazko ereduak bultzatzen ari dira ( Hello Haur Eskolak eta TIL eredua). Nola da posible herrialdearen zati handi batean D ereduan ikastea debekatzea? Nola da posible aukeratzeko eskubidea soilik euskararen kasuan izatea? Zergatik ez matematiketan edo historian? Astakeria galanta delako noski.
Zer proposatzen dugu? EHBEk, hezkuntzako gehiengo sindikalak bezala eta ikastetxe sare nagusien bide beretik Kontseiluak publiko egindako eredu proposamenarekin bat egiten du. Hau da, Euskal Herriko haur guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute eta eskubidea bermatzeko bide bakarra ikasle guztiek eredu euskaldunean ikastea da. Hau da, murgiltze sisteman oinarritutako hizkuntza politika behar da hezkuntzan eta Euskal Herri osoan. Normala den bezala Euskal Herrian gehiengoa gara sistema honen aldeko apustua egiten dugunak, gero eta gehiago. Zein sistema erabiltzen dute gure inguruko Estatuek? Eta hizkuntzaren berreskurapena lortzen ari diren herrialdeek? Murgiltzen sistema, noski. Catalunyan catalana, Frantzian Frantsesa, Espainian Gaztelera, Portugalen Portugesa irakats hizkuntza nagusiak diren bezala, Euskal Herrian aukera bakarra euskara irakats hizkuntza nagusia izatea da.
Zentzu honetan, Hego Euskal Herrian hizkuntza ereduen politikak kinka larrian dauden garaian, eredu berriak euskalduntzea bermatuko duela ziurtatu behar dugu, ezin dugu beste 30 urtetan zain egon. Beraz, erreforma guztien aurrean “Inposaketarik ez! Eredu euskalduna guztiontzat” aldarrikatzeko deia egiten dugu, martxoaren 3an Gasteizko Parlamentuaren aurrean eta martxoaren 13an Bilbon burutuko den Manifestaldi Nazionalean.
2010eko otsailaren 18a
|