hezkide kopururaren kontadorea

EUSKAL HERRIAK BERE ESKOLAK ZURE LAGUNTZA BEHAR DU!


Eredu Hirueleduna: Frankismo garaitik euskararen aurkako erasorik bortitzena PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Plazara - Eskolak euskaldundu behar du!
Asteazkena, 2010(e)ko Martxoa(r)en 03-(e)an 15:51etan
HDmartxoak13-webAzkenean heldu da eredu hirueleduna, inork espero baino zuzenago, gordinago eta gogorrago. Isabel Celaák gaur Gasteizko Parlamentuan aurkeztu duen eredu berria euskararen aurka frankismo garaitik egin den eraso larriena da.

Eredu berriak euskara, gaztelera eta ingelera maila berean jartzen ditu. Hiru hizkuntzak izango dira irakats hizkuntzak eta hiru hizkuntzei eskeintzen zaie ordu kopuru bera 5 edo 6 ordu. Hau da, 15 eta 18 ordu bitarte astean. Kontuan hartuta, lehen hezkuntzan asteko eskola orduak 25 direla emaitza argia da: eskola orduen %25 emango zaio hizkuntza bakoitzari eta sobratzen den %25a ikastetxeak egokien ikusten duen bezala banatuko du.

Azken asteotan esaten egon gara, B ereduaren antzeko eredu bat prestatzen ari zirela uste genuela, ingelera gehituta. Bada, huts egin dugu, Celaáren proposamenak gehiago du A eredutik B eredutik baino. Hau gutxi balitz, Celaák berak esan du atzera bueltarik ez duen bideari ekin diotela. Datorren ikasturtean 40 ikastetxetan abiatuko dute proiektua, ondoren, hiru urtetan ebaluatu eta sistema osora hedatzeko.

Datu hauek kontuan hartuta, inongo zalantzarik gabe esan genezake Frankismo garaitik euskarazko hezkuntzak jaso duen eraso larrienaren aurrean gaudela. Etorkizunean Isabel Celaák proposatu duen eredua ofiziala eta EAEko hezkuntza sisteman egongo den bakarra izaten bada ( eta horretarako egin du) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleen gehiengo osoa euskaldundu gabe geldituko dela emaitza ziurra da. Gaur egun badakigu A ereduak ez duela inor euskalduntzen eta B ereduak hirutik ikasle bakarra; eredu honek B ereduak euskarari eskaintzen dizkion orduen erdia eskaintzen dizkio, beraz, B ereduak baino emaitza kaxkarragoak emango ditu.

Esan beharra daukagu proiektu berri hau soilik PP eta PSOEren artean adostu dutela: hezkuntzako eragile nagusiak kanpoan utzita; sindikatu abertzaleei ezer azaldu gabe eta herritarren borondatearen aurka. Eredu berria inposaketa hutsa da! Are gehiago kontuan hartuta orain astebete ezagutu genituen EAEko matrikulazio datuak. Gurasoen nahia oso argi gelditu zen: %75ak D ereduaren aldeko hautua egin zuen, A ereduan soilik ikasleen %4 matrikulatu dituztelarik. Bada orain, iruzur bikaina egin du Celaák, eredu berria gurasoen %75aren iritziaren arabera osatu beharrean %4aren neurrira egin duelarik.

Euskal Herriak Bere Eskolak Kontseiluaren proposamenarekin bat egiten du, sindikatu abertzale guztiek eta hezkuntzako eragile nagusiek bezala. Hau da, Euskal Herrian eredu bakarra eta euskalduna behar da. Guk proposatzen duguna murgiltze eredua da, gure inguruko herrialde nagusiek beraien lurraldean erabiltzen duten bera: Portugalen, Frantzian, Espainian, Catalunyan,etab. Lehenik eta behin, ikasle guztiek euskara ezagutzeko duten eskubidea bermatuz eta behin hori lortuta ikasle eleanitzak lortuz.

Alarma gorri guzti guztiak piztuta daude eta kalera indarrez irteteko garaia da. Eredu hirueleduna geldiaraztea hil ala bizikoa da gure hizkuntzarentzat, kontuan hartuta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian dugun panorama ez dela inondik inora hobea. Horregatik, jendarte guztiari egoerak eskatzen duen mailan erantzuteko deia egiten diogu, martxoaren 13an denok Bilbon egingo den manifestaldi nazionalera!

2010eko martxoaren 3an
Euskal Herriak Bere Eskola
 

Deialdiak

<<  Abuztua 2010  >>
 As  As  As  Os  Os  La  Ig 
        1
  2  3  4  5  6  7  8
  9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031     

Bannerrak

Bannerra
Bannerra
Bannerra
Bannerra

:    :