|
Gaur goizean prentsaurrean aurkeztu dugu "Campusak larru gorritan" kanpaina UPNAn. Bertan EHBEko hainbat kidek Unibertsitate bakoitza irudikatzen zuen irudi biluzi baten aurrean gaur egungo unibertsitateek duten gabezien gaineko irakurketa egin dute.
Egun, Euskal Herrian dauden unibertsitate ezberdinek, unibertsitarioon hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa daramate aurrera. Hamaika dira urraketa hauek, baina badira edozein marra gorri zeharkatzen duten eta euskal unibertsitarioontzat bereziki mingarriak diren hainbat eskubideren urraketak. Ikus barruan testu osoa eta prentsaurrekoko argazkiak.
Unibertsitate arrotz hauek, euskara, gure herriko hizkuntza, zerbait anekdotiko eta folklorikora mugatzen dute. Egun zaila suertatzen da oso, goi mailako hezkuntzan euskaraz ikasi, lan egin edo eta bizitzea. Ia ezinezkoa da euskara hutsean garatu daitekeen ikasketarik aurkitzea, unibertsitateko administrazioan ez da euskaraz egiterik, ingelesezko masterren eskaintza euskarazkoena baino askoz handiagoa da, egiten diren ikerketa gehienak erdaraz egiten dira... Hamaika dira batean zein bestean urte luzeetan aurkeztu dituzten euskara planak. Denak ala denak, hutsaren hurrenak. Batek ere ez du erakutsi unibertsitatea euskaldundu eta euskal unibertsitarioon hizkuntza eskubideak betetzeko borondaterik. Urteak aurrera doaz eta ez dugu hizkuntza eskubideak beteko dituen eta Euskal Herriaren euskalduntzean zein euskararen garapenean abangoardia izango den unibertsitaterik.
Demokrazia esparruan ez dabiltza askoz hobeto unibertsitate hauek. Egitura antidemokratiko eta hierarkikoek gobernatzen dituzte egungo unibertsitateak. Hauetan, irakasleriaren sektore murritz batek botere osoa du: funtzionario doktoreek organo ezberdinetan ordezkaritzaren %51a dute gutxienez. Aldiz ikasle, administrazio zerbitzuetako langileek, zein irakasle ez funtzionarioek hutsaren hurrenera dute murriztua euren ordezkaritza. Deigarria suertatzen da ikasleen kasua, zeintzuk milaka eta milaka kide biltzen dituen unibertsitateko kolektibo nagusia izanik erabaki organoetako ordezkaritzaren %20a izatera ere ez diren iristen. Organo antidemokratiko hauek, zeintzuetan batzuen hitzak besteena baino gehiago balio duen, inposaketan oinarritzen dute euren jarduna; gutxi batzuen interesak komunitate unibertsitario osoari inposatuz. Inposaketa hori aurrera eramateko segurtasun kameraz eta kolore ezberdinetako zakurrez bete dituzte campusak.
Baina hizkuntza eskubide zein eskubide demokratikoen aferak ez dira euskal unibertsitariook pairatzen ditugun bakarrak. Hau guztia gutxi balitz, unibertsitate hauek espainiar zein frantziar estatuei eta interes ekonomiko handiei begira garatzen dute euren jardun akademiko zein zientifiko. Euskal Herriaren zein Euskal Herritarron behar eta garapenari erantzun ordez, egungo unibertsitateak interes arrotz eta neoliberal batzuen arabera ari dira. Egoera honetan inposatzen ari diren bologna prozesua urraketa guzti hauek areagotu besterik ez ditu egin. Ustez unibertsitatea erreformatzera datorren prozesu honek eskubide urraketa guzti hauetan sakondu besterik ez du egiten. Euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtzen ari da gaztelera, frantsesaren zein ingeleraren mesedetan. Egitura antidemokratikoek bere horretan diraute eta inposaketa, kontrol soziala eta errepresioa areagotu egin dira. Eta unibertsitateak geroz eta gehiago ari dira lerrokatzen estatuen zein interes ekonomiko neoliberalen interesen alde.
Honek guztiak argi uzten du, euskal unibertsitariook pairatzen ditugun eskubide urraketak egiturazkoak direla. Hau da, unibertsitate hauek errotik dira antidemokratiko, eta espainol zein frantsesak; eta gure herriaren beharrei erantzuteko egiturazko mugak dauzkate.
Egoera guzti hau biluztera dator Euskal Herriak Bere Eskolak datozen asteetan aurrera eramango duen dinamika. UPV, Deusto, UPNA, Opus, Uned, Université de Pau et des pays de l’adour, Mondragon Unibertsitatea; LARRU GORRITAN UTZIKO ZAITUZTEGU!!!
Horretarako ekimen ezberdinak burutuko ditugu ondorengo asteetan Euskal Herriko campus ezberdinetan. Azpimarratzekoa da horien artean, dinamika honen baitan garatuko den adierazpen artistikoen lehiaketa. Lau kategoria ezberdinen bidez (literatura, arte plastikoa, bideoak eta audioa), euskal unibertsitarioek pairatzen duten errealitatea arteaz biluzteko aukera izango dute.
Amaitzeko, hemendik aurrera campusetan burutuko diren hamaika ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu euskal unibertsitario zein herritarrei. Guztion artean campusak larru gorritan utziko ditugu. Euskal Herriak Bere Eskola 2008 Urriaren 28a Iruñea
|