Iruñeko Foruen Monumentuaren aurrean lehengo urteko Ekainean aurkeztu zen Sarasateko Adierazpenak hasi zuen mugimenduaren haritik etorri dira Hezkuntza Deialdia eta Bilbon Martxoaren 13ko mobilizazio nazionalerako hitzordua.
Sarasateko Adierazpenean, Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko deialdia luzatu zen. Euskal Herrian ditugun beharrak eta eskubideak ez direlako gaur egungo legedi eta markoetan ez onartu, ez asetzen; herri bezala ditugun ezintasun estrukturalak lankidetzaz, elkarlanaz eta akordioz baino ezin izango ditugulako gainditu; euskaraz ikasi ahal izateko, Euskal Herria ikasi ahal izateko edo gure herriaren beharrak asebetetzeko gure sistema propioa behar dugulako. Aspalditik, altxatu eta tresna berriak eraikitzen jakin izan dugulako, orain arte egindakoa bildu eta aurrera ekiteko garaia heldu dela plazaratu zuen Sarasateko Adierazpenak.
Hezkuntza Deialdiak berriz, hezkuntza mundutik, hezkuntza munduari eta jendarte osoari deia egin dio INPOSAKETEI EZETZ esateko eta aldi berean, EUSKAL HERRIAK BERE HEZKUNTZARI BAI esateko.
Irakasle Eskoletan ikasle eta irakasle garenon aldetik, Sarasateko adierazpenak egin zuen diagnostikoarekin bat egin eta Hezkuntza Deialdiak luzatu berri duen aldarrikapenera atxikiz, Bilbon hilaren 13an biltzeko asmoa dugu.
Garai gazi-gozoak bizi ditugu gure herrian, garai gazi-gozoak bizi ditu euskarak egunotan.
Gozoak dira bai garaiok, herritarrok Euskal Herria berreuskalduntzearen aldeko hautu argia egin dugula gero eta nabariagoa baita arlo guztietan. Hezkuntza dugu honen adibide garbia: euskarazko eredu bakarraren aldeko jendartearen jarrerak Nafarroan eremu mistoa zabaldu eta Nafarroa osoan eta Ipar Euskal Herrian ikastolak onartzea izan du ondorio. EAEn praktikan hizkuntza ereduen politika gainditzea lortu dugu gurasoen %4ak bakarrik aukeratu baitu A eredua azken aurrematrikulazioaren datuen arabera.
Ordea, bada egoera hau onartu ez eta garai garratzak ekarri nahi dizkigunik. Aurreko astean ezagutu genuen Patxi Lopezen gobernuak Celaá sailburuaren eskutik inposatu nahi digun eredu berria. Hezkuntza eragileak entzun barik, PSOE-PP artean hitzartutako eredu berriaren bidez, ingelera eta atzerriko hizkuntzen ezagutzaren aitzakiaz, euskara zokoratu nahi dute. Gutxienez eskola orduen %40ak gazteleraz eta ingeleraz izan beharko du, gurasoen %75ak aukeratu duen D eredua desagerraraziz, eta erresiduala den A ereduaren eta B ereduaren artean dagoen eredua inposatuz.
Gara egunkariak elkarrizketa egin dio Edurne Larrañaga EHBEko kideari. Hauxe dira bere hitzak:
«Inposaketarik ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza» leloa izango du larunbateko manifestazioak. Zer salatu eta aldarrikatuko duzue bertan?
Lelo horren atzean jende andana bilduko duen manifestazioa izatea espero dugu. Ikusten ari gara azkenaldian hezkuntzan ematen ari diren hainbat mugimendu kezka iturri direla. Beraz, uste dugu hori salatu eta erantzuna eman beharrean gaudela. Era berean, aldarrikapenerako aukera ere izango da; hezkuntza sistema nazionala behar dugula aldarrikatuko dugu.
Zein da hezkuntza sistemaren egoera Euskal Herrian?
Guk hiru gako nagusi nabarmentzen ditugu. Batetik, hizkuntza edo euskal irakaskuntza azken hamarkadetan ezagutu gabeko erasoaldia jasaten ari da egun, eta atzean euskararen aurkako gurutzada dago. Gero, curriculuma dago. Argi ikusten da Euskal Herriaren existentziaren aurka ari direla; gure historia ezabatuz, etorkizuna deuseztatu nahi dute.
Hirugarren gakoa berriz, finantzaketaren afera, edo guk hezkuntza herritarra deitzen duguna da. Kontua da, erakundeek finantzaketaren bidez menderatzen dituztela ikastetxeak. Hemengo dikotomia, zentroa publiko edo pribatua izatea, finantzaketaren araberakoa da. Guk defendatzen duguna bereizketa hori eskubideetan oinarritzea da. Alegia, hezkuntza eskubideak defendatzen dituena edo euskalduntzen duena publikoa izan dadila, besteak ez.
Larunbateko zita geroz eta gertuago dugu eta gaurkoan berarekin bat egin duten hainbat eragilerekin batera prentsaurrekoa egin dugu Bilboko Kafe Antzokian. Gerturatu direnak honakoak izan dira: Ikasle Abertzaleak, LAB, Sortzen-Ikasbatuaz, Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Elkartzen eta Euskal Herrian Euskaraz. Baina horietaz gain baditugu beste hainbat atxikimendu, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskaria Fundazioa, Bai Euskal Herriari, Segi eta Gazte Abertzaleak. Hurrengo egunetan oraindik eragile gehienen sostengua jasotzea espero dugu. Hauxe da irakurritako testua:
Adobe Flash Player not installed or older than 9.0.115!
Hezkuntza. Herri baten izaera, hizkuntza, kultura, balioak…belaunaldiz belaunaldi transmititu edota garatzeko tresna oso baliotsua da. Are eta gehiago mundu globalizatuan, uniformizazioak aberastasunaren kaltetan hizkuntza eta kulturen desagerpena eragiten baitu egunero. Zer esanik ez Euskal Herrian, gure hizkuntza eta kultura gutxituak dauden lurraldean, gure hezkuntza sistema behar dugu.
Zoritxarrez, Espainia eta Frantziako Estatuek soilik berea nahi dute, beraien eskuetan duten lurralde osoan hizkuntza eta kultura bakarra nahi dute, española eta frantsesa. Azken hilabeteotan, hezkuntzaren bidez estatuen uniformizazio saioa indartzen ari dira, hamarkadatan ezagutzen ez genituen jokaerak erabiliz, guztiak balio du euskara eta Euskal Herriaren aurka:
Hezkuntza Deialdiarekin aurrera egiten dugu eta gaurkoan testu berezi bat aurkeztu dute kultura eta hezkuntzako hainbat pertsona esanguratsuk. Amets Arzallusek eginiko testuarekin bat egin dute Pello Albite (Migrazioan aditua eta Unibertsitateko irakaslea), Koldo Zuazo (Hizkuntzalaria eta Unibertsitateko irakaslea), Maite Aristegi (Baserritarra), Izaskun Gastesi (Ikastolen sortzailea), Floren Aoiz (Historialaria), Ines Osinaga (Gose taldeko kidea), Gotzon Barandiaran (Poeta), Amets Arzallus (Bertsolaria), Miren Amuriza (Bertsolaria), Maddalen Iriarte (Kazetaria), Juan Mari Larrarte (Kazetaria) eta Pirritx eta Porrotxek (Pailazoak). Testua Donostiako Paseo Berrian dagoen Oteizaren "Eraikuntza hutsa" eskulturaren aurrean aurkeztu nahi genuen, baina eguraldi txarra egingo zelakoan Donostiako Dokan aurkeztu dute:
"Hezkuntza plazara, plaza eskolara!"
Bihotz, buztinezko Bihotz, Etxe ttiki bat zara, Ahula, hauskorra, lau gelatako. Jorge Oteizak Donostiako Paseo Berrian dagoen eskulturari "Eraikuntza hutsa" izena jarri zion. Ez dakigu Oteizak zer zuen buruan eskultura sortu zuenean, baina badakigu eraikuntza guztiak hutsak direla ez badiogu guk bizia ematen. Ikastetxeak ere eraikuntza hutsak baino ez dira, ikasle, irakasle eta gurasorik gabe. Eskola hutsa, ahula eta hauskorra. Hemen bildu garenontzat hezkuntza ez da hitz huts bat. Hezkuntza da bizitzaren funtsa, ereiteko eta biltzeko modurik politena. Bihotzean daramagu, gure etxe ttiki bat bezala. Eta horregatik gaur egungo egoerak kezkaturik gauzka. "Herria da gorputza, hizkuntza bihotza" Xalbadorrek erakutsi eta herriak ikasia. Bada, hizki bat aldatuko diogu, eta zabalduko dugu hezkuntzarik gabe gorputz hori etxe huts bat dela, lau gelatako etxe ttiki, ahul eta hauskorra.
Der, des menschen Sinn, Von zweifeln voll. "Gizakion patua, dudaz betea" dagoen bezala, euskaldunok nahi dugun hezkuntzarena mugaz betea dago. Erasoak ikusten ditugu egunero bihotz gela guzti horietan: euskalduntzen duen eskola bat nahi dugu, eskola bat, bere buruari eta gureari zutik eutsiko diona, eta ereduen politika ematen digute, makila busti iharra; gure edukiak ikasi ahal izateko Curriculum propioa nahi dugu eta Torquemada eta Pierre de Lancrek "España" eta "France" izkiriatu dituzte gure liburuetan, eta ehun aldiz kopiarazi guri; Euskal Herria oinarri izango duen unibertsitatea eraiki nahi dugu, euskaratik eta euskaraz, eta dirua eta statu quoa defendatzen dituzten unibertsitateak ematen dizkigute, goitik behera eraikiak; hezkuntza herritarra eraiki nahi dugu, herri-baloreetan oinarritua, eta orain jujeek erabakitzen dute zer ikasi eta irakatsi behar den, zeintzuk diren gure etorkizuneko jendartearen baloreak, zein den Euskal Herriaren esanahia, erdaraz esplikatzera datozkigu.
Ilun, ez da dena ilun, Begirazazu leihotik, Ikustazu baso hori, berdatzen. Ez da dena ilun, ordea. Bagara milaka egoera aldatu eta bideari ekin diogunak. Milaka gara eta bidean elkartzeko garaia da. Negua da, negu gorria. Baina berehala etorriko da berdatxea, udaberria, hezkuntzara, gure ereite aroa: lurra goldatzen ari gara gure bidezidorren alboetara. Eta kolorez beteriko basoa sortuko da, herritarren nahi eta beharrez osaturikoa, emakume eta gizonen berdintasunean oinarriturikoa. Hezkuntza etorkizuna sortzeko hazia da. Eta hazia azokara atera behar da, gure hezkuntza plazara ateratzeko eguna da, ordua da gure eskola landa dezagun. Eta guztion begien indarrez erneko da gure hezkuntza, guztiok ureztatu behar dugu, guztiok behar dugu sortu!
Horren bidean Euskal Herriak Bere Eskolak bultzatu duen "Hezkuntza Deialdia" horren adibidea da, eta martxoaren 13an Bilbon dagoen manifestaldia bidean elkartzeko egun egoki bat. Bidea luzea da, baina guztiok elkarrekin bidezidorrak zabalduko ditugu.
Gaur arratsaldean eskola eta ikastola publikoetako gurasoek, euren seme-alabez lagunduta Hezkuntza Deialdiarekin bat egin dute. Prentsaurrean aurkeztu dute euren irakurketa:
Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko elkarteko partaide garen gurasook bat egiten dugu Hezkuntza Deialdiarekin. Iazko urtean, Sarasateko adierazpenari gutariko askok atxikimendua erakutsi genion bezala, oraingoan, Martxoak 13rako deitua dagoen nazio manifestaldiari ere gure babesa eskaini nahi diogu. Guraso bezala, eta hezkuntza komunitateko parte aktibo bezala, gure ardura eta nahia erakutsi nahi diogu jendarteari. Gurasoak, hezkuntzaren parte, eskolaren parte garelako, azken finean, erantzukizun handia dugulako gure seme-alabek jasotzen duten hezkuntzan, euren etorkizunak eta bera, herri honen geroak arduratzen gaituelako.
Joan zen ostiralean kalejira ospatu zen Iruñeko kaleetatik barrena. 550 lagunek hartu zuten parte eta adin guztietako jendea egon zen. Hezkuntza Deialdiarekin bat egin eta inposaketen gainetik eraikuntzari ekiteko garaia zela goraipatu zen. Hemen dago bertan irakurritako testua:
“Bide guztiak ez dira errezak” zioen Sarrionaindiak, baina elkarrekin oinez, elkarrekin bultza eginez aurrera egin dezakegula irudikatu nahi izan dugu gaur egindako ibilbidearekin.
Nafarroan hezkuntza eskubide urraketak diseinatzen diren tokietariko batean hasi gara, Nafar Gobernuko Diputazio eraikinaren aurrean. UPN-k Catalán kontseilariarekin euskara, euskal kultura eta nortasunaren aurkako gurutzada indartu dute. Azkenekoa, “Euskal Herria” kontzeptua testuliburuetan agertu ezin dela, eta neurriak hartuko dituztela iragartzen ari dira, doakotasun programatik at uztea, espedienteak zabalduko dituztela mehatxatzen… Honek orain urte batzuetako garai ilun bat gogorarazten digu. 1925ean Primo De Riveraren Diktadurapean honakoa adierazi zuten:
“Los inspectores de primera enseñanza, en las visitas que realicen, examinaran los libros de texto en las escuelas, y si no estuviesen escritas en Español o contuvieren doctrinas de tendencias contrarias a la Unidad de la Patria... los haran retirar inmediatamente de las manos de los niños y procederan a formar expediente.”
Azken egunotan hainbat egunkaritan Mirari Bereziartuak eta Elias Mendinuetak idatzi duten iritzi artikulua irmoki salatu nahi dugu. Bi pertsona horiek Euskal Herriak Bere Eskolaren ahotan herri ekimenaren izaerarekin bat ez datozen hainbat baieztapen publiko egin dituzte. Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimendu zabal eta anitza da, Hezkuntza Sistema Nazionala helburu duena. Hori dela eta, gure oinarri ideologikoei muzin egiten diotenek, ez dute tokirik EHBEn eta, are gehiago, ez dute inongo legitimitaterik EHBEren izenean hitz egiteko. A ze aurpegia! Ez dugu onartuko hezkuntza mugimendua zatitzea helburu duten hitzak EHBEren ahotan jartzea!
Behin eta berriz adierazi dugu Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema burujabea Ikastoletatik eta Eskola Publiko euskaldunetatik eraiki behar dela, besteak beste, bakoitza berean eta denok bide berean aritu behar dugulako. Estatu espainol eta frantsesak saiakera aunitz egin ditu Euskal Herriko hezkuntza mugimendua zatitzeko, urrutira joan gabe, 1991ko Publikotasun legea. Helburu bera, baina bide ezberdinak izan arren, hezkuntza mugimendua zatikatu eta ezin-ikusi ugari sortu ziren. Badirudi, gaur egun zauriaren gainean sua piztu nahi duenik badagoela, gugandik oso gertu. Euskal Herrian geldialdi bat eginez, ordea, konturatuko gara zatiketa horri aurre egin eta geurea definitzeko saiakera ezberdinak egin direla. 2006.urtean Oinarrizko Hezkuntza Akordioa aurkeztu zen eta bertan “Euskal publikotasun” eredu berri bat proposatu zen, hezkuntza eskubideen bermea oinarri zuena, estatuek inposatzen dizkiguten mugak gaindituz. Euskal Herriak egitura burujabea izan arte, ezingo ditugu gure erabakiak guk nahi bezala hartu, noski, baina eguna iritsi arte, ezin dugu besoak gurutzaturik gelditu.
Iritzi artikuluan agertzen diren gauza batzuekin ados egon gaitezkeen arren momentu honetan Langile Ikastola eta Alkartasuna Lizeoa erasotzeko eta, aldi berean, EHBEk martxoaren 13an antolatu duen manifestaldia zikintzeko idatzi dela uste dugu. Jarrera horiekin ez goaz inora. Are eta gutxiago orain dela 20 urteko eztabaida itxi beharrean berau irekita mantentzeko saiakera egiten bada. Zentzu honetan, elkartasuna adierazi nahi diegu Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde lanean ari diren Ikastola eta Eskola guztiei, bereziki, Hernaniko Langile eta Beasaingo Alkartasuna Lizeoari Celaáren departamenduaren Eskola Mapa berria gogorki pairatzen ari baitira.
Bukatzeko, euskara eta euskal herria ikastetxeetan jasaten ari diren erasoaldi bortitzari erantzun bateratua emateko deia berresten dugu, elkarrekin soilik lortuko dugu amesten dugun hezkuntza sistema: martxoaren 13an denok Bilbora! Garaia da Hezkuntza Sistema proioaren alde gaudenok bildu eta aldarrikapenari beharrezko kategoria emateko, elkarren artean ditugun ezberdintasunak alde batera utzi eta batzen gaituena indartzeko.
Azken asteotan Hezkuntza Deialdiaren berri ematen egon gara. Eta baliteke zuk esatea, beno, nik manifestaldira joan nahi dut, bai, baina haruntzago ere joan nahiko nuke. Bada! Hemen duzu aukera! Manifestaldia herritarrek deitu dute eta ahalik eta gehienek bat egitea nahi dugu. Manifestaldia baino egun batzuk lehenago prentsaurrean bat egiten duten eragileekin batera deialdia egiten duten pertsona kopurua ere aipatu nahi dugu.
Gure kultur ondorea belaunaldiz belaunaldi transmititzeko, mundu globalizatu honetan herri bezala biziraun eta garatzeko, hezkuntza izan da akuilu, eta gaur Nafarroan, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Iparraldean boterean dauden indarrek hori bera ekidin nahi dute; inposaketa, dekretu, zentsura eta eredu arrotzekin. Egoera honekin, berebizikoa da inposaketak salatu eta euskal hezkuntzaren aldeko mugimendu zabala osatzea, horregaitik gaur hemen gaude Hezkuntza Deialdiari erantzunez. Kolorezko Euskal Herria nahi dugu eta hainbeste amets eta hainbeste lan sorrarazi dizkigun koloretako hezkuntza sistema, elkarlanean eraikitzen jarraituko dugu, trabak traba.
Azken hilabeteetan “Euskal Herria” kontzeptua testuliburuetan agertu ezin dela dio Nafar Gobernuko Hezkuntza Sailburuak, neurriak hartuko dituztela iragartzen ari dira, doakotasun programatik at uztea, espedienteak zabalduko dituztela mehatxatzen… Honek orain urte batzuetako garai ilun bat gogorarazten digu.
Euskal Herria testuliburuetatik ezabatzeko zentsurari EZ! Euskal Curriculumari BAI!
D eredua eredu elebidun bakarra da, are gehiago, eredu eleanitz batez ari gara. Hori errealitate bat da eta ezin uka. Nafar Gobernuari etzaio sekula gustatu hala izatea, eta azken urteetan ematen ari duen gorakada nola-hala geldiarazi nahi du. Horretarako hizkuntza eredu berriak asmatu ditu, euskaldunduko ez dutenak. Gainera, euskara vs ingelera jarri nahi izan dituzte, eztabaida nahasteko. Berriro diogu, eredu eleanitz bakarrak D izena du.
Hello, British, TIL eta A bezalako eredu fartsei EZ! Euskalduntzea bermatuko duen hizkuntza ereduari BAI!
Nafarroa: Hiriburuko eta herri handien errealitatetatik aparte, herri txiki ugariz osatutako lurraldeaz ari gara. Herri txikien biziraupenerako oso garrantzitsua da euren heziguneak izatea, eta azken urteetan aurrekontu murrizketekin edo irizpide konkretu batzuek hauek desagerrarazteko bidea hartu dute gure herrialdean.
Landa eskolak desagertzeari EZ! Eskola eredu herritar eta euskal publikotasunari BAI!
Nafarroan Unibertsitate Publiko bat dugu, baina zer da publiko izatea? Nafarron interesen arabera antolatutako zerbitzu bat izatea? Nafarroako hizkuntzak merezi duen tokia izatea? Argi dugu, Unibertsitate Euskaldun eleanitza, herritarron araberakoa eta demokratikoa izateko eskubidea dugula.
Unibertsitate eredu arrotzei EZ! Euskal Unibertsitateari BAI!
Azken asteetan Nafar Gobernuak ikasleen betebehar eta eskubideak zehazten dituen dekretu bat onartu berri du. Eskubide gutxi eta betebehar asko. Elkarbizitza gutxi konstituzioaren araberako baloreak behin eta berriz. Sor daitezkeen arazoak ikastetxean bertan modu arrazional batean kudeatzera baino, ikasleen kriminalizazioa legeztatu eta elkarbizitza arazoak areagotzera garamatza Foru Agindu
Eskubideak murrizten dituzten dekretuei EZ! Hezkuntza kritiko eta askatzaileari BAI!
Esan bezala milaka gara eta milaka garela erakutsi behar dugu, horregatik, Otsailaren 26an kalera atera eta Hezkunza Sistema propioa elkarlanean aldarrikatuko dugu Iruñean.
Beraz, Otsailaren 26an arratsaldeko 18:00tan Nafar Gobernuko egoitzaren aurrean dugu zita, KALEJIRA koloretsu eta jendetsu batekin lau haizeetara gure aldarrikapena zabaltzeko.
INPOSAKETEI EZ! EUSKAL HERRIAK BERE HEZKUNTZARI BAI!
Hezkuntza Deialdiaren baitan egiten diren aldarri nagusiak biltzen dituen aurkezpena egin dugu. Aurkezpena eskuratzeko http://issuu.com/euskaleskola/docs/hezkuntzadeialdia helbidean sar zaitezke. Bertatik ere jaitsi ahal duzu.
Hezkuntza Deialdiaren baitan hainbat ekimen egongo dira hurrengo asteotan. Hezkuntza mugimendua suspertzeko bide luze honetan pausoak ematen gabiltzala dirudi. Hauek dira, momentuz, jasotako deialdiak:
Gaur, otsailak 10, bilera izango da Durangoko Pinondon, Hezkuntza Deialdia antolatzeko asmoarekin. Arratsaldeko 7tan da deialdia.
Otsailak 26, Iruñean, Nafarroa mailako kalejira Diputaziotik San Frantziskora.
Otsailak 26, Gasteizen jaialdia egongo da (hitzaldia, triki poteoa, kontzertua...)
Hementxe duzue martxoaren 13rako egin dugun kartel mutua. Bertan zure ekimena aipatu dezakezu eta zure leloak jarri. Tamaina handiagoan jaisteko eskubiko botoiari eman eta irudia gorde, edo, kalitate handian nahi izanez gero, egin klik hemen. Erabili eta zabaldu ahalik eta gehien!
Euskal Herriak Bere Eskolak antolatu duen "Hezkuntza Deialdia"ren baitan mobilizazio ezberdinak egongo dira han-hemenka. Iruñean otsailaren 26an Kalejira antolatu dugu, Diputaziotik San Frantzisko eskolara: inposaketatik hezkuntza sistema propioaren aldeko lorpen bateraino; egun horretan zure aldarrikapenek lekua izan behar dute eta, horretarako, kartelak egiteko beste makina bat sortu dugu:
Adobe Flash Player not installed or older than 9.0.115!
Badirudi Gasteiz eta Iruñeako Gobernuak euskal kantagintza aztertu eta irakaspenak atera dituztela azken aldian, “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” dio Laboaren kanta ezagunak, hala, bi gobernu hauek gure herriaren gorputza eta bihotza erasotzen ari dira gogorki. Nondik eta min gehien egiten duen lekutik, sustraietatik, Euskal Herriaren etorkizuna diren belaunaldi berriei Euskal Herria ikastea debekatu nahi diete. Atzo, EAEko tribunal nagusiaren ebazpena ezagutu genuen Nafarroa Euskal Herriaren baitan ikastea debekatzen duena; orain gutxi jakin dugu, Nafarroako ikastetxeek doakotasun programan jarraitu nahi badute martxoaren 31 baino lehen Euskal Herria ezabatu behar dutela testuliburuetatik. Kasualitatea al da aldi berean bi gobernu erabaki oso antzekoak hartzen aritzea?
EHBEn argi ikusten dugu hezkuntzaren uniformizaziorako Estatu Ituna sinatua dutela PSOE eta PP alderdiek, Hego Euskal Herriari begira behintzat bai. Alde batetik, Espainia, Konstituzioa, Legeak, Ejerzitoa eta Monarkia bezalakoak errespetatu eta baloratzen ikastea bilatzen du estatu itunak, noski, Euskal Herria ikastetxeetatik, testuliburuetatik eta curriculumetatik ezabatuz. Lehen helburu hau lortzeko curriculum dekretuak erreformatzen ari dira EAEn eta Nafarroan, tribunaletara behin eta berriz jotzen ari dira eta “Educación para la Ciudadanía” bezalako irakasgaiak asmatu dituzte.
Bestetik, bihotza erasotzen ari dira, hizkuntza. Isabel Celaá eta Alberto Catalán, EAE eta Nafarroako Hezkuntza arduradunak inposatzen ari diren Trilinguismo eta TIL ereduak euskarari kolpe gogorra ematea beste helbururik ez dute.
Martxoaren 13an Bilbon egingo dugun moblizazioak baditu jada zehaztapen gehiago. Ekitaldia eta manifestazioa aldi berean egingo dira, formatu berri batean. Arriagan hasiko da arratsaldeko 17:30tan eta bertan bukatuko da, Plaza Biribila eta Udaletxetik pasa ondoren. Kulturak, aldarrikapenek eta koloreak lekua izango dute eta "inposaketarik EZ!" esatetik "Euskal Herriak bere hezkuntza" esatera igaroko gara ibilbide sinboliko horretan.
Dagoeneko kartela eskuragarri dago webgunean, JPG eta PDF formatutan. Berehala txoko guztietan egotea espero dugu, martxoaren 13an egun oparo bat izan dezagun!
Euskal Herriak Bere Eskolak "Hezkuntza Deialdia" antolatu du, baina zure aldarrikapenak dira deialdiari zentzua ematen diotenak. Hezkuntza milaka aldarri ditugu, eta batzuetan gutxi batzuetara iristen gara. Herriz-herri ere aldarri ezberdinak egiten dira, baina horien alde mobilizazio nazionalik ez zen antolatzen... orain arte! Martxoaren 13an zure aldarrikapena bertan egon dadin nahi dugu. Horretarako kartelak modu automatikoan egiteko tresna bat sortu dugu: Kartel Makina. Mozilla Firefoxekin funtzionatzen du eta egin behar duzun bakarra da agertzen diren bi eremuak betetzea (zeri esaten zaion EZetz eta zeri BAIetz).
Hurrengo egunetan formatu ezberdinetako kartelak egiteko makinak egingo ditugu. Bitartean hau erabili eta bete Euskal Herriko txoko guztiak hezkuntza aldarrikapenez... atera ezazu Hezkuntza Plazara!
Hezkuntza Deialdiaren oinarria jasotzen duten eskuorriak dagoeneko sarean daude. Eskuorriak leku guztietara iristea denon ardura da. Horregatik ahal izanez gero berauek inprimatu eta zabaltzeko aukera ematen dugu. Eskuorria diptiko formatuan dago, hau da, erditik tolestu beharko litzateke banatu aurretik. Hemen JPG eta PDF formatutan eskaintzen dizugu, koloretan eta txuri-beltzean:
Hezkuntza Deialdiaren baitan "Batzar Irekia" burutu dugu gaur 75 langile, guraso, ikasle eta herritarrek Donostian. Bertan egoeraren erradiografia egiteaz gain mobilizazio dinamika bati hasiera ematea adostu dugu. Hitzordua ere jarri dugu: martxoaren 13an, Bilbon, "Inposaketarik ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza" lelopean egingo den mobilizazioa. Orain guztion esku dago mobilizazio hori zehaztu eta benetan handia egitea. Hauxe da bertan irakurrtako "Hezkuntza Deialdia"
HEZKUNTZA DEIALDIA
Gaur Donostian bildu garen ikasle, irakasle, guraso eta herritarrok Sarasateko Adierazpenaren balioa berretsi nahi dugu. Sarasateko Adierazpenak batzen gaitu Euskal Herriak bere hezkuntza izateko duen eskubidea jasotzen duelako eta euskal hezkuntzarentzat errespetua eskatzen duelako.
Gure aburuz, Estatu Espainola eta Frantsesa, beraien hezkuntza sistemak inposatzeaz gain, euskal hezkuntzaren aurkako eraso bizian ari dira azken aldian: euskara, euskal kultura eta nortasunaren aurkako gurutzada indartu dute. Horregatik gaur, hezkuntza mundutik, hezkuntza munduari eta jendarte osoari Hezkuntza Deialdia egiten diogu. Alarma gorri guztiak piztuta daude, garaia da elkarrekin, guztiok batera, inposaketari, adoktrinamenduari eta uniformizazioari ezetz esateko:
Euskararen berreskurapena ezinezko egiten duten hizkuntza ereduen politikei EZ.
Hello eta TIL ereduari EZ!
Isabel Celaáren curriculum dekretuari EZ.
Testu-liburuetatik Euskal Herria desagerrarazteari EZ.
Eskola txikien desagertzeari EZ.
Euskal irakaskuntzarentzat diru laguntzak murrizteari EZ.
Hezkuntzaren merkantilizazioari EZ.
INPOSAKETARIK EZ!
Ezetz esatearekin batera, garaia da elkarlanean gurea dena eraikitzeko, hainbeste amets eta hainbeste lan eman digun koloretako hezkuntza sistema propioa eraikitzeari baietz esateko garaia da:
Haur eskola euskaldun eta hezitzaileak BAI.
Euskalduntzea bermatuko duen hizkuntza ereduari BAI.
Euskal kultura eta nortasunaren transmisiorako Curriculum propioari BAI.
Euskal Herrirako berezko unibertsitateari BAI.
Hezkuntzarako eskubidea, kultur aniztasunari eta hezkidetzari BAI.
Hezkuntza herritik sortu eta herritar guztien zerbitzura jartzeari, euskal publikotasunari BAI.
Hezkuntza kritiko eta askatzaileari BAI.
EUSKAL HERRIAK BERE HEZKUNTZARI BAI!
Gauzak horrela, urgentzia osoz, euskal jendarteari euskal irakaskuntza jasaten ari den erasoaldiari erantzuteko eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko mobilizatzeko deialdia egiten diogu. Herriz herri, ikastetxez ikastetxe erasoaldiari aurre eginez; herriz herri, ikastetxez ikastetxe gurea dena eraikiz. Baina, denok batera erantzun zabal eta indartsua emateko garaia ere bada, horregatik guztiontzako zita jarria dago: martxoaren 13an mobilizazio handia Bilbon, Inposaketarik Ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza.
Donostian, 2010eko urtarrilaren 16an Euskal Herriak Bere Eskola
Azken hilabeteotan hezkuntza oso presente egon da herritar guztion egunerokoan, hedabideetan bolo-bolo egon delako, alderdi politikoen eztabaidetan gai izar bilakatu delako edo zeharka hainbat gaiekin (aldaketa klimatikoa, genero indarkeria, krisi ekonomikoa...) duen harreman zuzena plazaratu izan delako.
Adobe Flash Player not installed or older than 9.0.115!
Hemen bildutakook aspaldi ohartu ginen hezkuntzak herri baten biziraupen nahiz garapenean duen garrantziaz, jendarte-eraldaketa burutzeko ezinbesteko tresna dela eta horretan dihardugu lanean egunez egun eta tokian toki. Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde egiten dugunontzat, ordea, azken hilabeteotan hezkuntza kezka iturri bilakatu zaigu. Aldaketak hezkuntza komunitatea osatzen duten gizon eta emakumeekin partekatu gabe egin nahi dituzte, herri honek duen berezko nortasuna aintzat hartu gabe, sektore bakoitzaren hitza kontutan hartu gabe, herrialde bakoitzak duen berezitasunei erreparatu gabe, gure hizkuntza errespetatu gabe... etabar luze bat gehitu diezaiokegu, baina ez dugu egingo. Gure eguneroko lanak erakusten digu funtsezkoa dela hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea ziurtatzea eta aldaketak hezkuntza komunitatetik bertatik abiatu behar dutela.
Euskal Herriak Bere Eskolak hezkuntzan dauden indarrak bildu eta aurrera begira jartzeko asmoz Hezkuntza Deialdia antolatu du. Zu ere gonbidatuta zaude bertan parte hartzeko. Deialdia honakoa da:
EGUNA: Urtarrilaren 16a ORDUA: 9:30etan LEKUA: Donostiako Ernest Lluchen. (Anoeta estadioan)
Edozein galdera izanez gero komentarioa utzi dezakezu hemen azpian edo
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
helbidera idatzi.
Galder Gonzalez EHBEko kidea da. Berarekin Hezkuntza Deialdiaren inguruan hitz egiten dugu, bereziki urtarrilaren 16an izango den Batzar Irekia aipatuz. Zergatik horrelako ekimen bat orain? Batez ere Hezkuntza Mugimendua lozorroan dagoelako eta Deialdi bat egin behar zaiola uste dugulako. Ezin da gertatu dauden arazo guztiekin mobilizaziorik ez egotea.
Baina Hezkuntza Mugimendua hala ere egon badago, ezta? Bai, ez nuen esan nahi guztiz desagertuta dagoenik, baizik eta erreflexu falta handiarekin dagoela. Egiten dira gauza asko, eta hezkuntzako militante ugari daude, bai; baina eraso guztiei ganorazko erantzun bateratu bat falta zaie. Eta hortara dator, orduan, Hezkuntza Deialdia? Bai. Nahi duguna Hezkuntza Mugimenduak mobilizazio edo erantzun dinamika bat konpartitzea da. Batzar Ireki bat deitu dugu eta bertara mobilizazio dinamika baten beharra eramango dugu EHBEko hainbat kidek. Baina EHBE Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko hezkuntza mugimendua dela pentsatzen dugunez, guztion artean erabaki behar dugu zer egin edo zer ez egin.
Abenduaren 23an elkarrizketa egin genuen Hezkuntza Deialdia aurkezteko. Horren inguruan hitz egin zuten Tas-Tas irratian Ibai Redondo EHBEko kidearekin.
Azken aste eta hilabeteak gorabehera handikoak izaten ari dira hezkuntzan: EAEko Curriculum Dekretua; Nafarroan TIL eredua eta Euskal Herria Terminoa; Ipar Euskal Herrian Balladur legea; etab. Zer ari da gertatzen hezkuntzan? EHBEren aburuz, Espainia eta Frantzia hezkuntza erreformatzen ari dira ikasleen adoktrinamenduan sakonduz Estatuak linguistikoki, kulturalki eta nortasun mailan uniformizatzeko.
Kasualitatezko erabakiak al dira? Inondik inora ere ez. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren kasuan, argi dago, espainiar estatuko bi alderdi nagusien arteko paktu bat dagoela hezkuntzaren bidez ?barbaroen? lurralde hauek espainiar nortasunez asetzeko. Hau ez dugu guk esaten; PP eta PSEk EAErako sinatu zuten akordioaren atal nagusietakoak dio: EAEn aldaketa nagusiki hezkuntzatik etorri behar da. EAEn ageriko paktua dena, Nafarroan ezkutukoa baina oso erreala da.
Herri honek, hezkuntzan erabakitzeko eskubidea ukatua izanik ere, hezkuntza sistema propiorik izan gabe ere, erabaki asko bere kabuz hartu ditu: Ikastolak sortzea eta garatzea; eskola publiko eta pribatuetan euskarazko lerroak irekitzea; haur eskola euskaldun eta hezitzaileak irekitzea; Lanbide Heziketak euskalduntzea; Euskal Curriculuma sortzea; Euskal Unibertsitatea proiektuaren oinarriak publikatzea; etab. Estatuak "aski da!" esan du. Guretzako edalontzia erdi hutsik baldin badago ere, beraientzako gainezka egin du, Isalbel Celaá eta Alberto Catalanen dekretu eta neurrien bitartez Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntza gelditu eta hezkuntza sistema espainolaren inposaketa indartu nahi dute. Horretarako hainbat neurri hartzen ari dira:
Adobe Flash Player not installed or older than 9.0.115!
Gaurkoan Nafarroan Oinez osaptzen da Sakanan, Arbizu eta Arruazu artean. Bi herri hauek eta Lakuntza batuko dituen ibilbidean ez da bakarrik Etxarri-Aranazko ikastolaren aldeko diru-bilketa bat eginen, ez eta euskararen aldeko pausoak eman. Askoz gehiago da aldarrikatuko dena: euskaldunok, geure txikitasunean ere, handi egin ditzakegula hainbat proiektu. Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldarria herri honen gehiengoak defendatzen duela uste dugu, eta hala ikusi ohi da Nafarroa Oinez bezalako jaietan. Geure hezkuntza antolatu, geure herria ikasi edo euskara sustatzeko gogoarekin joan ohi dira milaka eta milaka herritar jaiotara.
Euskal Herriak Bere Eskolako kideok gaur indar bereziz Nafarroa Oinezen parte hartzeko deia luzatu nahi dugu, oraindik ere norbaitek dudak izango balitu. Eta horrelako jaietan Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko konpromisoa berrestea. Nafarroan momentu honetan kolokan dagoen D ereduko hezkuntza bultzatu behar dugu, TIL ereduaren aurrean; Euskal Herria terminoa ukatu nahi digun Gobernuari aurre egin behar diogu, geure Curriculuma garatuz; eta herriak bizirike egoteko eskolak beharrezkoak direla aldarrikatu. Ikastola batek, txikia bada ere, handi egiten duelako herria.
Urriaren 4an Donostian Kilometroak ospatuko da. Jai honetan milaka eta milaka pertsona biltzen dira, euskarazko hezkuntza bultzateko alde batetik, eta hezkuntza mugimendu erraldoia sortzeko, bestetik.
Euskal Herriak Bere Eskolatik gonbitea luzatu nahi diogu gure herriak Hezkuntza Sistema Nazionala izateko eskubidea uste duten guztiei bertara joateko. Eta era berean deialdi hori egunero-egunero HSNren alde ekin dezaten luzatu nahi dugu. Azken finean gure ustetan Euskal Herriko jendartearen sektore zabalek aldarrikapen horiekin bat egiten dute.
"Gu gaurko euskaldunok. gure aitasoen illezkorren oroipenean, bildu gera emen gure legea gorde nai degula erakusteko"
Edozein herriren geroa ziurtatzeko, ezinbestekoa da Hezkuntza Sistema herriaren beharretara egokitzea. Euskal Herriaren biziraupena hezkuntza sistemak bermatuko du eta gure eskuetan ditugun tresnen bidez, herri honen etorkizuna bermatuko dugu.
Euskal Herrian bizi dugun hezkuntza-egoera ikusita, ordea, kezkaz beterik egiten dugu agerraldi hau. Izan ere, hezkuntza administrazio ezberdinek gure herria ahaztu eta arrotzak zaizkigun ereduak inposatzen ari baitira. Atzerapausu nabariak gauzatzen ari dira lurraldez lurralde: eskolaren bidez ikasleak euskalduntzeko duten eskubidearen urraketa; hizkuntza ereduen politikaren porrota datu bidez baieztatua egon arren, A ereduaren aldeko apustua egiten jarraitzen da; curriculum arrotzen araberako balore, jakintza eta ezagutzen nagusigo behartua, hezkuntza adoktrinamendurako esparru bilakatuz; gure herria irudikatzen ez duten mapen erabilera ikastetxeetan behartuz; Haurren beharretara baino, gurasoen behar asistentzial hutsetara mugatzen diren haurtzandegi zerbitzuak areagotzen ari dira; norberaren garapena kolektibitatean garatzeko baliabideak alboratzen dira; ikasle akritikoak bultzatzen dituzten hezkuntza ereduen sustapena; etabar luze bat.
Honek guztiak, ordea, helburu ilunagoa duelakoan daude: Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko mugimendua indargabetzea eta gaur egunean ditugun apurrak defendatzera mugatzea. Honi, denboran atzera begira gelditzeko nahia gehitu behar diogu, izan ere, 1993an Euskal Eskola Publikoaren legearekin bultzaturiko zatiketa indarberritu nahian dabiltza, hainbeste eztabaida zein hika-mika sorturiko eztabaida antzua. Eztabaida hori gure egin bagenuen ere, argi dugu ez zela euskaldunok sustaturiko zatiketa izan, kanpo faktore maltzurrek eragindakoa, baizik. Hemen bildutakook gure mugen baitan erabakitzen dugun ereduaren alde egiten dugu, gure herriaren ikuspegitik definituko duguna eta gure herrian ezarriko dena, “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa”, hain zuzen ere. Beraz, ez da bakoitza berearekin tematzeko garaia, Herri bezala batzen gaituzten aldarrikapenak indartzeko eta urrats praktikoak emateko garaia da.
Honegatik gaur goizean euskal hezkuntzaren alde lanean leku ezberdinetan dihardugun 200 pertsonek bultzatutako Sarasateko Adierazpena aurkeztu dugu Sarasate Pasealekuko Foruen Monumentuaren azpian. Bertan agertu garen 40 ikasle, irakasle, guraso eta langileok, sare ezberdinetakoak eta pentsamolde ezberdinetakoak izango gara ziuraski. Baina hala ere minimo batzuek elkartzen gaituzte, eta hori da Sarasateko Adierazpenak eskaintzen duena:
Zuberoaren garapena eta Euskal Herriko lurralde ezberdinen arteko hartu-emana sustatzeko bide sakonak garatzen ari dira. Abeltzaintza eta laborantza sektoreak horien lekuko argia dira. Baina sektore horietatik harago, kultur mailan ere bide berriak eraikitzen hasiak gara. Nazio Eztabaida Guneak eginiko zubi lanaren ondotik, Atharratzeko ikastolarekin auzolan berria garatu da.
Martxoaren 14an, Lezo eta Oiartzungo udalak eta Atharratzeko ikastolak hitzarmen bat sinatu zuten. Bertan, bi udalek 18.000€ko diru ekarpena egiteko konpromisoa hartu zuten eta Atharratzeko ikastolako guraso eta irakasleek aldiz, jaialdi bat egitekoa.
Atharratzeko Basabe ikastola, Seaskaren barne Zuberoan dauden bi ikastoletako bat da eta 30 urte bete berri ditu. 10 ikasle izatetik 21 izatera igaro dira eta berri pozgarria izanik ere, zailtasun eta arazoak sortu dizkie, baliabide pertsonal nahiz material faltagatik. Egoera horri aurre egiteko erabiliko dute udaletatik jasotako laguntza ekonomikoa.
Ez da ordea diru ekarpen huts batean oinarritutako hitzarmena. Zuberoaren inguruko ezagupena eta harremana sustatzea du helburu eta hori indartzeko asmoz egun osoko jaialdia antolatu dute Ekainaren 21erako Lezo eta Oiartzunen.
Ekainaren 11an, osteguna Euskal Herriak Bere Eskolak Euskal Herriko hezkuntza prozesuan garrantzitsua bilakatu diren Selektibitatea eta Baxoa frogen inguruko azterketa pedagogiko eta politikoa egin nahi du. Ikuspegi politikotik, herri bezala Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean eman daitezkeen urratsetan dituen ondorioak aztertuko ditugu, bereziki Euskal Curriculumaren aplikazioan zentratuz. Ikuspegi pedagogikotik, aldiz, ebaluazio sistema bera izango da azterketaren oinarria.
Hezkuntza prozesuaren erdignean kokatzen diren azterketa hauen gaineko azterketa pedagogiko eta politiko gehiegi egin ez direla-eta (ikasle mugimendua salbu), Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak bere ekarpena bide horretan gauzatu nahi du. Gure nahia, ikuspegi kritikotik ebaluazio sistema honen gaineko hausnarketa abiatzea da, aurrera begira ireki daitezkeen aukerak aztertzeko.
Eatabaidan STEE-EILASeko Jose Bueno Sainz de Albeniz, LABeko kide bat eta IAko kide den Aitziber Plazaolak parte hartuko dute. EHBEko kide batek dinamizazioa egingo du. Baina zure ekarpena beharrezkoa da. Zatoz eta eman zure iritzia. Hitzordua ekainaren 11an da, arratsaldeko 18etan Bilbok La Bolsan.
Sortzen-Ikasbatuazek "Euskal Eskola Publiko Berriaren XIV. Jaia" ospatzen du igande honetan Iruñeko Takonera parkean. Bertan egun osoko proposamena dago, kontzertu (Fermin Valencia, Banda Batxoki, Tximeleta...), bazkari, Pirritx eta Porrotx eta beste hainbat gauzaz disfrutatu daiteke. Informazio gehiagoako euren webgunea bisitatu dezakezue: http://www.gurejaia.org
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots Euskal Herriak Bere Eskolak antolatutako ekitaldian parte hartuko dute, igande honetan, Piratak saioarekin. Arratsaldeko 6etan izango da, Altsasuko Kiroldegian eta sarrerak oraindik ere salgai daude Iortia Kultur Etxean baita egunean bertan. Sarrerek 6€ko prezioa dute.
Jakin badakigu XXI.mendean herri bat, nazio bat izan eta bere garapena lortzeko hezkuntza ezinbesteko tresna dela. Gai honetan ere, Euskal Herria ez da irla bat, gure herriak XXI.mendean bizi-irauteko eta bere garapen osoa lor dezan hezkuntzan erabakitzeko ahalmena izan behar du, Hezkuntza Sistema Nazionala eta burujabea behar du..
Zoritxarrez atzo ez genuen hezkuntza sistema propiorik, eta gaur instituzioen buruan daudenetako batzuk aldatuta ere, gure herriarentzat hezkuntza sistema propioa eraikitzeari uko egiten badiote berdinetan jarraituko dugu. Eta berdinetan gaude, gure herriko belaunaldi berriak ez dira euskaldun bezala heziak, inposaketan hezitako belaunaldi berriak ateratzen dira gure eskoletatik: frantsesa eta gaztelera ( lurraldearen arabera) derrigorrez ikasi beharreko hizkuntzak dira ( orain ingelera ere bai), aldiz, gure herriko hizkuntza, euskara, kasurik onenetan aukerazkoa da; ikastetxeetan zer eta nola ikasi Frantzia eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak erabakitzen du, beraien hezkuntza programa eta curriculumaren bidez; unibertsitateak, Euskal Herria eta bertako herritarren beharrak asetzera baino, Espainia eta Frantziako multinazionalen mesedetara ari dira antolatzen, modu antidemokratikoan ( eztabaidari eta komunitate unibertsitarioak erabakitzeari uko eginez) eta beraien hizkuntzetan noski ( Frantsesez, Gazteleraz eta nazioarteko hizkuntzan, ingelesez). Haur eskolatik unibertsitatera euskal ikasle, irakasle, guraso eta azken finean herritarrek, hezkuntza sistema arrotzen inposaketa pairatu behar izan dute, belaunaldiz belaunaldi eta baita gaur egun ere, funtsean gauzak ez dira aldatu.
Testuingu honetan, atzo Patxi Lopez EAEko lehendakari berri izendatu ondoren, euskal lurralde guztietako instituzio nagusietan fronte espainiarzale eta frantseszaleak nagusitu dira, erabat bide antidemokratikoak erabilita, noski. Hala, inposaketaren bidea aldatu ordez, berau gogortu besterik ez dute egingo, horren adibide garbienetakoa, curriculum dekretu autonomikoak ere ( EHBEk bere antzutasunagatik kritikatu izan dituenak) bertan behera uztea izango da.
Ikasle Abertzaleakek baterajotzen nazionala deitu du apirilaren 30ean eta aste honetan zehar hainbat mobilizazio izan dira fakultatez fakultate eta herriz herri. Apirilaren 30ean arrazoi asko daudelako, ikasleak batera jo!
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere Euskal Herriak bere eskola behar duela aldarrikatzen dute. Eta horretarako kartel eder hau egin dute, hurrengo hezkuntza jaialdi eta hainbat emanalditan euro baten truke salgai jarriko duguna.
Horretaz gain maiatzaren 17an Euskal Curriculumaren aldeko emanaldia izango da Altsasun. Hitzordua arratsaldeko 18tan da Zelandiko Kiroldegian. Sarrerak salgai egongo dira hemendik bi astera Altsasun eta Etxarrin (emango dugu honen berri aurrerantzean).
Azken asteotan komunikabideetan asko ari da hitz egiten hezkuntzaz, bereziki EAEko hauteskundeen ondoren, PSE-PP paktuaren puntu nagusietakoa hau delako. Bi alderdi espainol nazionalista hauek EAEn gobernatzeko egin duten paktuak asko kezkatzen gaitu eta hezkuntzak herria eraki edo suntsitzeko duen garrantzia azpimarratu besterik ez du egiten. Orain arte, bigarren planoan izkutatu nahi izan badute ere, hezkuntzaz egiten duten erabilpen eta manipulazioa agerian geratzen ari da egunotan, aurrez Nafarroan, Lapurdi, Behe Nafarroan eta Zuberoan ikusi dugun bezala.
Lehenik eta behin, marko juridiko politikoa mantendu eta egonkortzeko paktua dela esan dute, Espainiar Konstituzioa eta Gernikako Estatutuaren balioa berretsiz. Segidan, hezkuntzarako dituzten intentzioak azpimarratu dituzte:
1.“Hizkuntza nagusia aukeratzeko eskubidea”. Guraso orok, euskara edo gaztelera ardatz duen hizkuntza eredua aukeratzeko omen duen eskubidea bermatuko dute, ingelerari ere garrantzi berezia emanez. Hau euskarari egiten zaion iruzur eta eraso garbia da. Dena den, ez du egoera askorik aldatzen, orain arte ere hizkuntza nagusia aukeratzeko “eskubidea” izan baitute gurasoek. Hori bai, hizkuntza nagusitzat gaztelera aukeratu dutenek, beraien haurrak euskara ez ezagutzera kondenatu dituzte. Gure uste apalean, ikasleek euskara ezagutzeko eskubidea dute eta horretarako bidea euskara ardatz duen hizkuntza eredu bakarra aplikatzea da. Ez dago aditua izan beharrik, orain arte euskara eta gaztelera ezagutzeko eskubidea bermatu duen eredu bakarra D eredua dela jakiteko, nahiz eta ingurune erdaldunetan kasu askotan aski ez izan.
Euskal Herriak Bere Eskola, Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko herri mugimenduak, Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko dinamika baloratzeko prentsaurrekoa burutu du gaur Altsasun. Bi hilabete izan dira HSNaren aldeko dinamikak herri eta eskualde ezberdinak bustitzen. Bi hilabete hauetan EHBEk inoiz egin duen dinamikarik zabal eta indartsuena garatu du. Hori zen gure apustua hasiera batean eta balorazio honetan egin behar dugun lehenengo baieztapena hori bera da. Hamarnaka herritan egon gara, zaila egiten zaigu zenbat ikastetxerekin elkarlana abiatu dugun zenbatzea eta milaka herritarrekin, 6.000rekin, Hezkuntza Sistema Nazionalerantz pausuak eman ditugu.
Urteak daramatzagu Euskal Herrian Hezkuntzarekin loturiko borroka ezberdinekin. Ikasle eskubideetatik, Euskal Curriculumera, Euskal Unibertsitatetik irakasleen lan-baldintzetara eta eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzetik kalitatezko hezkuntza borrokatzera. Borroka guzti horiek ez ditugu ulertzen modu bereizian… aitzitik borroka guztien helburua berdina da: Euskal Herriak dituen hezkuntza beharrak asetzea eta, beraz, Hezkuntza Sistema Nazionala erdiestea. Logika honetan bidaideak aurkitu ditugu dinamika honetan, baita kalera atera ere.
Kristina de Andres, Axular udal ikastolako irakaslea eta gurasoak, azkeneko urtetan izan ditugun borroketako batzuk aipatu zituen, eta aurrean ditugun erronken berri ere eman zuen.
Lehenengo udal ikastolak ere ez zitzaizkigun zerutik erori. Guraso, irakasle zein herritarren borrokak beharrezkoak izan ziren euskal irakaskuntzak herrietan aurrera egin zezan.
El principio no fue fácil pero poco a poco obligamos a la administración navarra a aceptar que el deseo de una enseñanza euskaldun era una realidad y que el construir centros para el modelo D era más que necesario.
Ordutik hona, administrazioa etengabean aritu da euskal irakaskuntza oztopatu nahian. Trikimailu ezberdinak asmatu izan dituzte euskal irakaskuntza albo guztietatik kolpatzeko: curriculum dekretuak, testu liburuak arautzeko legeak, ingelerako ereduen ezarpena…