Azken aste eta hilabeteak gorabehera handikoak izaten ari dira hezkuntzan: EAEko Curriculum Dekretua; Nafarroan TIL eredua eta Euskal Herria Terminoa; Ipar Euskal Herrian Balladur legea; etab. Zer ari da gertatzen hezkuntzan? EHBEren aburuz, Espainia eta Frantzia hezkuntza erreformatzen ari dira ikasleen adoktrinamenduan sakonduz Estatuak linguistikoki, kulturalki eta nortasun mailan uniformizatzeko.
Kasualitatezko erabakiak al dira? Inondik inora ere ez. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren kasuan, argi dago, espainiar estatuko bi alderdi nagusien arteko paktu bat dagoela hezkuntzaren bidez ?barbaroen? lurralde hauek espainiar nortasunez asetzeko. Hau ez dugu guk esaten; PP eta PSEk EAErako sinatu zuten akordioaren atal nagusietakoak dio: EAEn aldaketa nagusiki hezkuntzatik etorri behar da. EAEn ageriko paktua dena, Nafarroan ezkutukoa baina oso erreala da.
Herri honek, hezkuntzan erabakitzeko eskubidea ukatua izanik ere, hezkuntza sistema propiorik izan gabe ere, erabaki asko bere kabuz hartu ditu: Ikastolak sortzea eta garatzea; eskola publiko eta pribatuetan euskarazko lerroak irekitzea; haur eskola euskaldun eta hezitzaileak irekitzea; Lanbide Heziketak euskalduntzea; Euskal Curriculuma sortzea; Euskal Unibertsitatea proiektuaren oinarriak publikatzea; etab. Estatuak "aski da!" esan du. Guretzako edalontzia erdi hutsik baldin badago ere, beraientzako gainezka egin du, Isalbel Celaá eta Alberto Catalanen dekretu eta neurrien bitartez Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntza gelditu eta hezkuntza sistema espainolaren inposaketa indartu nahi dute. Horretarako hainbat neurri hartzen ari dira:
Adobe Flash Player not installed or older than 9.0.115!
Isabel Celaáren Curriculum dekretua. Euskara, euskal kultura eta nortasunaren aurkako dekretua da: Euskara. Ez da hezkuntzako hizkuntza nagusia izango eta trilinguismoaren izenean pisu handia galduko du. Hezkuntzan ari den jendeak ongi daki euskara hizkuntza nagusia izan gabe, ezinezkoa dela ikasleek euskaraz mintzatzeko gaitasuna lortzea. Kultura eta nortasuna. Curriculum dekretuan ikastetxeetan zer ikasi eta zer ez den ikasi behar zehazten da eta Euskal Herria ez da ikasi behar. Espainiako historia, gizartea, literatura, kultur ondarea edo natura bai, Euskal Herrikoa ordea ez. Neurri honekin Euskal Curriculumaren aplikazio legalerako zirrikituak ere itxi nahi dituzte.
Mundu ikuskera. Mundua on eta txarren artean banatu nahi dute. EAE ere on eta txarrez banatua legoke "Educación para la paz" proiektuaren bitartez. Onak instituzioak, konstituzioa, estatutua, erregea, Guardia Civila dira; txarrak terroristak ilegalak, presoak, ETAkoak... Gure ustez, inongo oinarri pedagogiko-filosofiko ganorazko gabe egindako proiektu honek ,kalte psikologiko handia egin diezaioke, gatazka politikoaren alde bat bizi duen ikasleari.
Nafarroan Hello/TIL eta Euskal Herria. Euskara. Haur Eskoletan Hello eta derrigorrezko hezkuntzan TIL eredua inposatzen ari da Nafarroako Gobernua, orain arte proiektu pilotu gisa eta epe motzean (agian datorren ikasturtean) eredu bakar eta orokor gisa. Badirudi bi TIL izango direla errealitatean: D eredukoentzat Trilinguea eta beste guztientzat euskararik gabekoa. Laster Nafarroan euskara bigarren mailako hizkuntza izatetik hirugarren mailako hizkuntza izatera pasa daiteke eta D eredua gaur egunera arte ezagutzen dugun gisa desagertzeko saiakera baten aurren gaudela adierazten dugu. Euskal Herria eta testuliburuak. Ikasturte hasieran agindu bezala Nafarroako Gobernua Euskal Herria terminoa ikastetxeetatik ezabatzeko ahalegina egiten ari da: batetik, 7 herrialdeak erreferentzia gisa hartzen duten testuliburuei diru laguntzak kenduz; bestetik, testuliburu hauek erabiltzen dituzten ikastetxeak zigorrekin mehatxatuz.
Euskal Herria bi estaturen menpe izanik, ezin bi estatuek estrategia bera erabili. Hala, estatu frantsesak bere lurralde barnean herri, kultura, nortasun eta hizkuntza bakarra nahi du, Frantsesa. Zoritxarrez, euskara eta Euskal Herriaren desagerpena helburu duen estrategia arrakasta izaten ari da, egun 10 ikasletik batek soilik lortzen du euskaraz hitz egiteko gaitasuna eta euskal nortasun zein kulturan heztea ia ezinezkoa da Seaskako Ikastoletatik kanpo. Ezer gehiago egin al dezake Estatuak? Badirudi baietz. Batetik, Konstituzioaren erreforma txikiena ere ukatzea erabaki berri du; bestetik, Balladur Legearen bitartez Hezkuntzaren erreforma burutzen ari da, eskoletatik estatu osoan 80000 hezitzaile postu kenduz. Honek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eragin kaltegarria izan du: irakasle euskaldunen gabezia areagotu da eta hainbat eskola txikik ateak itxi behar izan dituzte. Balladur legeak, hezkuntza sistemaren kalitatea pobretzen du, euskarari kalte egiten dio eta herri txikietako eskolak itxiz Ipar Euskal Herriaren desertifikazioan sakontzen du.
Koadroa margotzen duten zertzelada nagusiak dira goikoak baina ezin ahantz daitezke bestelakoak ere: hezkuntza sistema propioaren alde lanean ari diren proiektuei diru laguntzak murriztu edo kentzea (Hik Hasi aldizkaria; Sortzen Ikasbatuaz elkartea; Ikastolen elkartea; eskola txikiak); Bologna prozesuaren bitartez multinazionalei unibertsitate publikoetako ateak parez pare irekitzea ( Banco Santander, BBVA, Iberdrola, Bayer, etab.) hezkuntza eta ikerketa lerroetan eragiteko ahalmena areagotuz.
Hezkuntza Deialdia
Gauzak horrela, txanponaren bi aldeak ikusten ari gara hezkuntzan: alde batean euskara, euskal kultura, kultur-artekotasuna, parekidetza, Euskal Herria, pedagogia aurrerakoia garatzeko Hezkuntza Sistema Nazionala planteatzen duen herria; beste aldean, gaztelera/frantsesa, adoktrinamendua, uniformizazioa, pribatizazioa inposatu nahi duten estatuak.
Azken hilabete eta asteotan hezkuntzako norbanako eta eragileekin hitz egiten egon gara, elkarrizketetatik pare bat ondorio nagusi atera ditugu: batetik, Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde gaudenok gure arteko elkarlana areagotu behar dugu, gure proiektuek aurrera egin dezaten lortzeko; bestetik, inposaketen aurrean tinko eta elkarrekin erantzuteko mobilizatu beharra dago. Zentzu honetan, hezkuntza egoeraz hausnartu eta egoeraren aurrean zein mobilizazio antolatu erabakitzeko, azken urte hauetan hezkuntzan izan den batzar jendetsu eta anitzena egiteko deia zabaldu nahi dugu, Hezkuntza Deialdia hedatu nahi dugu. Urtarrilaren 16an, egungo hezkuntza egoeraren gaineko kezka duten eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde dauden ikasle, irakasle, guraso eta herritarrontzat Batzar Irekia Donostian.
Bilbon, 2009ko abenduaren 23an Euskal Herriak Bere Eskola