|
Hezkuntza Deialdiaren baitan "Batzar Irekia" burutu dugu gaur 75 langile, guraso, ikasle eta herritarrek Donostian. Bertan egoeraren erradiografia egiteaz gain mobilizazio dinamika bati hasiera ematea adostu dugu. Hitzordua ere jarri dugu: martxoaren 13an, Bilbon, "Inposaketarik ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza" lelopean egingo den mobilizazioa. Orain guztion esku dago mobilizazio hori zehaztu eta benetan handia egitea. Hauxe da bertan irakurrtako "Hezkuntza Deialdia"
HEZKUNTZA DEIALDIA
Gaur Donostian bildu garen ikasle, irakasle, guraso eta herritarrok Sarasateko Adierazpenaren balioa berretsi nahi dugu. Sarasateko Adierazpenak batzen gaitu Euskal Herriak bere hezkuntza izateko duen eskubidea jasotzen duelako eta euskal hezkuntzarentzat errespetua eskatzen duelako.
Gure aburuz, Estatu Espainola eta Frantsesa, beraien hezkuntza sistemak inposatzeaz gain, euskal hezkuntzaren aurkako eraso bizian ari dira azken aldian: euskara, euskal kultura eta nortasunaren aurkako gurutzada indartu dute. Horregatik gaur, hezkuntza mundutik, hezkuntza munduari eta jendarte osoari Hezkuntza Deialdia egiten diogu. Alarma gorri guztiak piztuta daude, garaia da elkarrekin, guztiok batera, inposaketari, adoktrinamenduari eta uniformizazioari ezetz esateko:
- Euskararen berreskurapena ezinezko egiten duten hizkuntza ereduen politikei EZ.
- Hello eta TIL ereduari EZ!
- Isabel Celaáren curriculum dekretuari EZ.
- Testu-liburuetatik Euskal Herria desagerrarazteari EZ.
- Eskola txikien desagertzeari EZ.
- Euskal irakaskuntzarentzat diru laguntzak murrizteari EZ.
- Hezkuntzaren merkantilizazioari EZ.
- INPOSAKETARIK EZ!
Ezetz esatearekin batera, garaia da elkarlanean gurea dena eraikitzeko, hainbeste amets eta hainbeste lan eman digun koloretako hezkuntza sistema propioa eraikitzeari baietz esateko garaia da:
- Haur eskola euskaldun eta hezitzaileak BAI.
- Euskalduntzea bermatuko duen hizkuntza ereduari BAI.
- Euskal kultura eta nortasunaren transmisiorako Curriculum propioari BAI.
- Euskal Herrirako berezko unibertsitateari BAI.
- Hezkuntzarako eskubidea, kultur aniztasunari eta hezkidetzari BAI.
- Hezkuntza herritik sortu eta herritar guztien zerbitzura jartzeari, euskal publikotasunari BAI.
- Hezkuntza kritiko eta askatzaileari BAI.
- EUSKAL HERRIAK BERE HEZKUNTZARI BAI!
Gauzak horrela, urgentzia osoz, euskal jendarteari euskal irakaskuntza jasaten ari den erasoaldiari erantzuteko eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko mobilizatzeko deialdia egiten diogu. Herriz herri, ikastetxez ikastetxe erasoaldiari aurre eginez; herriz herri, ikastetxez ikastetxe gurea dena eraikiz. Baina, denok batera erantzun zabal eta indartsua emateko garaia ere bada, horregatik guztiontzako zita jarria dago: martxoaren 13an mobilizazio handia Bilbon, Inposaketarik Ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza.
Donostian, 2010eko urtarrilaren 16an Euskal Herriak Bere Eskola
|