Adobe Flash Player not installed or older than 9.0.115!
Badirudi Gasteiz eta Iruñeako Gobernuak euskal kantagintza aztertu eta irakaspenak atera dituztela azken aldian, “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” dio Laboaren kanta ezagunak, hala, bi gobernu hauek gure herriaren gorputza eta bihotza erasotzen ari dira gogorki. Nondik eta min gehien egiten duen lekutik, sustraietatik, Euskal Herriaren etorkizuna diren belaunaldi berriei Euskal Herria ikastea debekatu nahi diete. Atzo, EAEko tribunal nagusiaren ebazpena ezagutu genuen Nafarroa Euskal Herriaren baitan ikastea debekatzen duena; orain gutxi jakin dugu, Nafarroako ikastetxeek doakotasun programan jarraitu nahi badute martxoaren 31 baino lehen Euskal Herria ezabatu behar dutela testuliburuetatik. Kasualitatea al da aldi berean bi gobernu erabaki oso antzekoak hartzen aritzea?
EHBEn argi ikusten dugu hezkuntzaren uniformizaziorako Estatu Ituna sinatua dutela PSOE eta PP alderdiek, Hego Euskal Herriari begira behintzat bai. Alde batetik, Espainia, Konstituzioa, Legeak, Ejerzitoa eta Monarkia bezalakoak errespetatu eta baloratzen ikastea bilatzen du estatu itunak, noski, Euskal Herria ikastetxeetatik, testuliburuetatik eta curriculumetatik ezabatuz. Lehen helburu hau lortzeko curriculum dekretuak erreformatzen ari dira EAEn eta Nafarroan, tribunaletara behin eta berriz jotzen ari dira eta “Educación para la Ciudadanía” bezalako irakasgaiak asmatu dituzte.
Bestetik, bihotza erasotzen ari dira, hizkuntza. Isabel Celaá eta Alberto Catalán, EAE eta Nafarroako Hezkuntza arduradunak inposatzen ari diren Trilinguismo eta TIL ereduak euskarari kolpe gogorra ematea beste helbururik ez dute.
Jendarte osoa gertatzen ari denaz ohartarazi nahi dugu berandu baino lehen: hezkuntzaren erreforma abian da. Gaur asmo, proposamen eta programa pilotuak direnak, aste gutxiren buruan, agindu, dekretu eta lege bilakatzeko arrisku bizia dago. Orain 50 urte ikastolen sorrerarekin Euskal Herriarentzat Hezkuntza Sistema bat lortzeko hasitako bidea arriskuan dago, eman ditugun urrats guztiak egunetik gauera ezabatu nahi dituzte.
Inongo zalantzarik gabe esan dezakegu Frankismo garaitik euskal irakaskuntza jasaten ari den eraso gogor eta antolatuenaren aurrean aurkitzen garela. Honen aurrean, Euskal Herriak Bere Eskola gogo eta ilusio biziz martxoaren 13ko manifestaldi nazionala antolatzen ari da. Dagoeneko ehunka pertsonaren laguntza jasotzen ari gara, beraiei esker Parkeetako Ekimen arrakastatsua egingo dugu, gaurtik hasita, hurrengo egunetan 27000 diptiko banatuko ditugu Euskal Herriko 150 ikastetxe eta parketan.
Dena den, gaur indar bereziz dei egin nahi diogu euskal jendarteari, hezkuntza komunitateari eta hezkuntzako eragile zein sindikatuei erasoaldiari elkarrekin erantzutzeko, eraso bortitz honi herri bezala egin behar diogu aurre. Konfidantza osoa dugu gure herrian, ez bakarrik erasoaldi honi erantzuteko, baita eraikitzen ari garen koloretako hezkuntza sistema horretarantz pausu gehiago emateko: orain inoiz baino gehiago euskarazko hezkuntza guztiontzat! Orain inoiz baino gehiago Euskal Curriculuma ikastetxeetara!