|
Gaur arratsaldean eskola eta ikastola publikoetako gurasoek, euren seme-alabez lagunduta Hezkuntza Deialdiarekin bat egin dute. Prentsaurrean aurkeztu dute euren irakurketa:
Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko elkarteko partaide garen gurasook bat egiten dugu Hezkuntza Deialdiarekin. Iazko urtean, Sarasateko adierazpenari gutariko askok atxikimendua erakutsi genion bezala, oraingoan, Martxoak 13rako deitua dagoen nazio manifestaldiari ere gure babesa eskaini nahi diogu. Guraso bezala, eta hezkuntza komunitateko parte aktibo bezala, gure ardura eta nahia erakutsi nahi diogu jendarteari. Gurasoak, hezkuntzaren parte, eskolaren parte garelako, azken finean, erantzukizun handia dugulako gure seme-alabek jasotzen duten hezkuntzan, euren etorkizunak eta bera, herri honen geroak arduratzen gaituelako.
Horregatik, gure ardura erakutsi nahi dugu, azkenaldian etorri zaizkigun lege, dekretu, itun eta neurri ezberdinen aurrean; urteetan hezkuntza sistema propio baten bidean orain arte eman ditugun urratsak kinka larrian jartzen ari direlako. Euskara, Euskal kultura eta nortasunaren aurkako gurutzadak amaierarik ez duela dirudi. Baina, Euskal Herrian, historiak erakutsi duen bezala, paper garrantzitsua izan dugu gurasook Euskal Hezkuntza baten aldeko jardueran. Handiak izan dira erronkak, askotan ezinezkoak iruditzen zitzaizkigun helburuak, hezkuntza komunitate osoaren lan eta irmotasunari esker ordea, hauetariko asko lortu izan dira. Ametsak zirenak egi bilakatu ditugu . Baina hori, hainbat jenderen lanari esker soilik izan da. Read More
Horregatik, gaurkoan, gure salaketa plazaratu nahi dugu. EZ diotsegu Euskararen berreskurapena ezinezko egiten duten hizkuntza ereduei. EZ Hello eta TIL ereduari. Herrien hartu-emanak gero eta sarriagotan ematen diren honetan gure belaunaldi berriak arrakastaz aritzeko gai izatea nahi badugu, funtsezkoa da eleaniztasuna baina norbere hizkuntzatik abiaturikoa. Gure seme-alabak euskaldun eleanitzak izatea nahi dugu. Izena eta izana ematen dien euskarari normalizatzeko aukera eskainiko diotenak izango dira; euskaraz bizitzeko gaitasunarekin, munduan arrakastaz arituko dira beste hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunari esker. Horregatik BAI diogu Euskalduntzea bermatuko duen hizkuntza ereduari.
EZ diotsagu Isabel Celaáren curriculum dekretuari eta EZ Testuliburuetatik Euskal Herria desagerrarazteari. Eta BAI Euskal kultura eta nortasunaren transmisiorako Curriculum propioari, Euskal Curriculumari.
Herri bezala garatzeko, Euskal Herriaren iragana, gaur eguna eta etorkizuna, gure herriaren ikuspegitik ikasi eta irakastea ezinbestekoa da. Nazioarteko hainbat itunek eskubide hori aitortzen digute, “Hizkuntza komunitate orok bere hezkuntza antolatzeko eskubidea du, kideek beren kultur ondarea (historia eta geografia,literatura eta beste kultur adierazpenak) sakon ezagutzeko aukera izaten dezaten, baita nahi duten beste edozein kulturaren adierazpenak ere ahal den sakonen ezagutzeko”.
Gure seme-alabak, XXI. Mendeko herritarrak izango dira eta horregatik, euskaldun gaurkotuak, behar berriei egokituak eta aurrerapenetan txertatuak behar ditugu. Eta horixe da, hain zuzen ere, Euskal Curriculumaren funtsa.
Gure ikastetxeetako curriculumean irakasten diren lurraldeak eta historiak nekez islatzen dute Euskal Herri soziokulturalaren errealitatea, hori Euskal Herria aipatzen denetan. Beraz, nekez eta zailtasun handiz eraikiko du Euskal Herriko haur batek bere identitate soziokulturala, bertako lurraldeen arteko uztarriak modu koherente eta nazioartean lantzen ez badira.
Testuliburu askotan agertzen den errealitate desitxuratu batetatik haratago, dekretu eta lege berrien gainetik, gustatu edo ez, herri bat dago: Euskal Herria, 30.000 urte edo badituen herria. Hau da benetako errealitatea, errealitate kultural baten atzean ezkutatu nahi dutena.
EZ Eskola txiki eta landa eskolen desagertzeari. Eskola maparen dekretuarekin makroeskolak sortu nahi ditu gure herrietan EAEko Hezkuntza Sailak. Inolako irizpide pedagogikorik gabe egina izan da mapa hau. Honetan ere, inposaketaren bidez egin nahi du, ez dio eskola komunitateari ibilbidea aukeratzeko eskumenik ematen eta ez du irizpide pedagogikorik erabiltzen ikastetxeen arteko batura egiterakoan. Gure ikastetxeak ezin dira haur biltegiak izan eta edozein modutan sortu. Gure eskola eta ikastolek eskola komunitatearen artean adostutako hezkuntza proiektu sendoak izan behar dituzte abiapuntu eta muga, beharrezkoak diren azpiegiturak behar dituzte, denon artean sortutako eskolak izan behar dira. Inposaketak alde batera utzita, edozein aldaketa egin baino lehen tokian tokiko eskola komunitateen iritziak kontuan hartu behar dira. Eskola publikoetan ere, hezkuntza ibilbidea aukeratzeko eskumena eskola komunitateari aitortu behar zaio. Eta, ezinbesteko da eskola mapa antolatzerakoan ikuspegi pedagogikoa kontuan hartzea, bai ibilbideari dagokionez, baita hezkuntza proiektu ezberdinak dituzten eskolak biltzean ere.
Gogoratu behar dugu, hainbat gurasok, gure seme-alabek irakaskuntza euskalduna izateko eskubidea bermatua izan dezaten, hainbat kilometrotara dauden ikastetxeetara bidali behar ditugula, Nafar gobernuaren euskararen legearen ondorioz. Zonifikazioa dela eta, gure seme-alabek ez baitute euskaraz ikasteko eskubiderik beraien herrietan. Eta horrek, herrian bertan, bere errealitateari egokitutako hezkuntzarik ez jasotzea eta familiei diru kostu handia suposatzen die.
EZ Hezkuntzaren merkantilizazioari. Eta BAI Hezkuntzarako eskubidea, kultur aniztasunari eta hezkidetzari. BAI Hezkuntza herritik sortu eta herritar guztien zerbitzura jartzeari, Euskal publikotasunari. Eta BAI Hezkuntza kritiko eta askatzaileari. Gure seme-alabak inolako diskriminaziorik jasan gabe, neska-mutil bakoitza bera izan dadin, bere kabuz jokatzen ikas dezan bultzatuko duen hezkuntza eredua dugu beharrezkoa, etorkizunean pertsona aske, kritiko eta autonomoa izateko.
Gure seme-alabek, hezkuntza prozesu euskaldun oso eta jarrai bat izatea berebizikoa da, Haur Eskoletatik hasi eta Unibertsitateraino. Horregatik, BAI Haur eskola euskaldun eta hezitzaileei eta BAI Euskal Herriko berezko unibertsitateari. Herri eta bailara ezberdinetako beharrak kontutan izanik, gurasoen eskariei erantzungo dien haur eskola publiko euskaldun egokiak behar ditugu. Eta gure seme-alaben eta herri honen garapen beharrei begiratuko dion Euskal Unibertsitatea beharrezkoa dugu.
Eta azkenik, EZ Euskal irakaskuntzarentzat diru laguntzak murrizteari. Bide hau egiten lagundu eta gu parte garen hezkuntza eragileek azken urtean jasan duten diru laguntzen murrizketa salatu nahi dugu. Eskola publikoa eredu zaharkitu, erdalduna, ez partehartzailea, hezkuntza egitasmorik gabekoa izateko ahalegina egiten ari dira. Eta honen kontra lanean gabiltzanoi, zailtasunak besterik ez dizkiguten jartzen, diru laguntzak murriztuz, baztertuz eta hezkuntza eragile bezala ez aitortuz. Azken finean, Euskal Hezkuntza Propio baten alde lanean gabiltzanon lana oztopatu besterik ez dute egin nahi.
Beraz, eskola eta ikastola publikoetako gurasook, dei egiten diogu jendarte osoari, hezkuntza komunitate zein herritar orori, azkenean, hezkuntza herri oso baten ardura da eta, Martxoaren 13an Bilboko kaleetan EZ INPOSAKETEI! Eta BAI, EUSKAL HERRIAK BERE HEZKUNTZARI! esango dion herri olatuari bultzada ematera. Eta egunez egun, herriz herri, ikastetxez ikastetxe erasoaldiari aurre eginez; herriz herri, ikastetxez ikastetxe gurea dena eraikitzera. Euskal Hezkuntzaren ibilbideak erakutsi baitigu, ametsak, landu eta borrokatu egiten badira, denon inplikazioarekin, egi bilakatzen direla.
Ezetz esatearekin batera, garaia da elkarlanean gurea dena eraikitzeko, hainbeste amets eta hainbeste lan eman digun koloretako hezkuntza sistema propioa eraikitzeari baietz esateko garaia da.
SORTZEN-IKASBATUAZ, EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN ALDEKO ELAKARTEKO GURASOAK
|