|
Nafarroa Garaiko gobernuak Euskal Herria terminoa desagerrarazi nahi du. Hori dela eta gaur prentsaurrekoa eskaini dugu EHBE, Sortzen-Ikasbatuaz, LAB, IA eta Bai Euskal Herriariko kideok Iruñean. Hau da prentsaurrekoko testua:
Europako sustrai zaharrenen jabe den herriari, bere sustraiak moztu eta desagerrarazteko temati jarraitzen dute betikoek.
Betikoek diogu, euskal nortasuna eta nazio identitatea behin eta berriz nahastu eta manipulatzeko saiakerak etenik ez duelako izan gure historian.
Gaur egun Nafarroa Garaiko administrazioaren kudeatzaile profesionalek setati dihardute euskal izatea bera agertu edo aldarrika lezakeen guztiaren aurka.
Bide horretan ulertu behar ditugu Nafarroa Garaian euskal identitatearen aurka daramaten gurutzada: Ikurriña eta euskal nortasun ikurrak legez kanporatu dituzte, gure hizkuntza nazionala den Euskara mugatu, baztertu eta diskriminaturik dute, olentzeroekin gertaturikoa edo eta San Fermin jaien harira antolaturiko egitarau herrikoiei ezarririko oztopoak... eta nola ez azkena: Ikastetxetako testu liburuetan Euskal Herria izenaren inguruko sasi ehiza.
Nafarroa Garaitik haratago doan estrategia batetaz ari gara. Adibidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskal nortasun ikurrak mamiz hustu eta desitxuratzeko lanean dihardute: Ikurriñaren ondoan bandera espainiarra inposatuz, Euskarari koofizialtasuna aitortu arren, euskaraz bizitzea ezinezko eginaz, ... eta orain Euskal Herria izena ikuspegi sozio kultural hutsal batetara mugatu nahi dute.
Azkenik; Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan euskal nortasuna eta identitatea zuzenean folkloretan itotzeko apostuak bere horretan jarraitzen du. Frantziako erregio turistiko gisa aurkezten digute Euskal Herri frantziarra bailitzan.
Nafarroako estatu izan ginelako, Euskal Herria gara eta burujabe izango gara Hau da benetako errealitatea, errealitate kultural baten atzean ezkutatu nahi dutena. Horregatik, egungo testu liburu gehienek Euskal Herriko historia, izaera soziokultural gisa eta oso modu urrian erabiltzen dute. Estatuaren antolaketa juridiko-administratiboaren deskribapenari dagokionean nahaste borraste batekin aurkitzen gara, zeina testu liburuaren arabera ezberdina den.
Antzinatea lantzeko eredurik gehienak kanpoko herrietatik hautatuak dira. Gure sasoitik urrunen diren aro historikoak zehaztugabeak dira, inon lekutu barik agertzen dira edukiak nagusiki, eta hurbilen daudenak dira zehatzenak, baina estatalak, Frantziako eta Espainiako estatu-nazioen berri ematen dutelarik. Historiaurrea zehaztugabea da, ez da lotzen Euskal Herriarekin. Zehazten diren aroak ordea, modu estatalean zehazten dira. Historia Estatu arrotzekin loturik dator beraz.
Hezkuntza sistema kontrolatuz errealitatea desitxuratu Azken egun hauetan hainbat berri kezkagarri iritsi dira Nafarroako Foru Komunitatetik, baina azkenekoak bereziki kezkatuta utzi gaitu. Nafarroan Euskal Herria termino kultural gisa ere ezabatu nahi dute eta, larriagoa dena, ikastetxeen autonomiaren aurka ekin eta testu liburuen zerrenda beltza osatu dute.
Liburu beltza horiek osatzeko liburukietan Erresuma zaharraren ikur bezala Osasuna futbol taldearena agertzen da edota NUPekoa. Non daude, Arrano Beltza (Nafarroako erregeen ikurra Iruñako katedralean ikus daitekeena), Ikurriña edota euskaldun guztiak batzen gaituztenak? Gaur arte eta egun, emakumearekin eta emakumeek historian jokatu duten rola ezkutatu duten bezala, gauza bera egin nahi dute Euskal Herria terminoarekin. Baina testu liburu manipulatuetan agertzen den errealitate desitxuratu batetatik haratago, gustatu edo ez, gizon-emakumeez osaturiko herri bat dago: Euskal Herria.
Baina testu liburuen inguruko azken erasoaldi hau ez da zerbait isolatua. Oso argia eta nabaria da Gobernuek hezkuntzarekin dituzten asmoak eta horren isla dira azken urtetan argitaraturiko lege, dekretu, ebazpen edota hizkuntza ereduak. Hauek guztiek helburu bakarra: asimilazioa bermatu. Gaur egun, estatuek hezkuntzari frankismo garaiko helburu bera egozten diote: funtzio adoktrinatzailea. Herritik sortua eta herriarentzat izan behar duen hezkuntza prozesua estatu ideologia eta logika ezartzeko baliatzen dute, hezkuntzaren berezko funtzio hezitzaile nahiz askatzaileak alboratuz.
Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala behar du Erasoaldi berri honek gure nahietan berresten gaitu. Gure kulturak eta gure herriak biziraun dezan, ezinbestekoa da Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzea, eta bide horretan aunitz dira emandako aurrerapausoak. Horren adibide argia da herritik eta herriarentzat sortutako Euskal Curriculuma, bakarra munduan, edota ikastetxeek euren autonomia erabiliz egindako bitartekoak.
|